Filed under: batzuk
Mundu xelebrea gurea. Bizitza erdia gure ikaskideekin, lagunekin, lanekoekin eta oro har, gizartean txertatzen, artaldean “enkajatzen” saiatzen gara. Txikitan nahiz eta futbola batere gustatu ez, (zu gehiago izan zara tenis zalea) hortxe aritzen zinen baloiari ostikoak nola ahala ematen, edo nahiz eta keak goragalea eman, zigarroari emandako zure lehen zurrupada kolektiboa izan zen. Noski, ez zenion esan inorri entrenemenduen ondoren zurekin dutxatzen ziren morrosko haietariko batzurengatik laguntasuna baino zerbait gehiago sentitzen zenuenik. Txintxik ere ez zenuen atera zure lagun onena ezkondu egin behar zuela eta, koadrilak prestatutako parranda izugarrian sadomasokistaz mozorrotuta atera behar zenutela erabaki zutenean (tartako dantzari eta guzti); eta ia inork ez daki haurrak ez zaizkizula batere gustatzen. Zertarako? Ez duzu bizitza konplikatu nahi…
Xelebrea benetan gure mundu hau. Bizitzaren beste erdia gurasoek, ohekideek, psikologoek eta komunikabideek norbait berezia, artaldetik bereizten den ardia zarela esaten dizute. Eta zu zeu ere besteengandik desberdin egiten zaituzten ardi-larru eta zintzarriak topatzen saiatzen zara: zure maitasun istorioa inork aurretik bizi gabekoa da horregatik; daukazun autoa, mugikorra eta arropa zuretzat apropos diseinatutakoak dira, egiten dituzun oporrak errepikaezinak…
Artaldea eta ardia. Artzainaren menpe beti?
Bootxo.
Galdera hau egiten diot nire buruari, izan ere, dagoeneko abuztuaren bigarren hamabostaldian sartuxeak gaude eta ez daukat inolako kantarik burua jaten! Harrigarria benetan! Garai honetarako, aurreko urteetan neuronak erreta nituen “me gusta la gasolinaaa” edo “nada de esto fue un error” maisulanekin, baina aurtengoan ez dago erregetza nabarmenik (edo festa gutxiegitara ateratzen naiz, ai ama!); gehien hurbiltzen dena Shakiraren Hips don´t lie izango litzateke, nire ustez (Opá-rena ekainetik aurrera ia ez da entzun). Bide batez, aurreko urtetako bateren bat gogoratzen? Hona hemen:
+ 2005: Gasolina. Daddy Yankee / Nada fue un error. Coti
+ 2004: Mariacaipirihna. Carlinhos Brown / Dragostea Din tei. O-Zone
+ 2003: Bye, bye, piccolissima dama. David Civera / Txopitos iragarkia
+ 2002: Aserejé. Las Ketchup / Ave María. David Bisbal
+ 2001: Yo quiero bailar. Sonia y Selena / Mayonesa
+ 2000: Bomba. King Africa
Kuriosoa da udako kantuaren ohitura hau; oker ez banago, soilik estatu espainiarrean hartzen du fenomeno tamaina. Ekainean hasi eta irailera bitartean, ez da egoten besterik hainbat taberna, diskoteka, txiringito eta irrati-telebistetan. Eta azken hauek dira, inolako erakunde ofizialen gainetik, urte horretako “kanta izarra” zein izango den erabakitzen dutenak. Hala ere, zer dela eta horrelako arrakasta? Karakter “latinoagatik” izango ote (je, je)?
Batzuentzat, edozein festetarako (eta gero, urte osoan zehar, ezkontza eta antzeko ekitaldi sozialetan ere) ezinbestekoak dira, eta beste batzuentzat, aldiz, gorrotagarriak zuzenean. Masa kultura, gizarte artalde, homogeneinazio kulturala eta antzeko kontzeptuak ahaztu gabe (horretaz hitz egingo dut beste batean), gozatu egiten ditut parrandan, baina horrek ez du esan nahi beste musika estilo ezagutu, dantzatu, dastatu eta disfrutatzeko ezintasunik dudanik. Bootxo.
Filed under: musika
Howe Gelb ‘Sno Angel
Like You
2006, Thrill Jockey
Disko hau nere eskuetara iritsi baño lehen, ez nuen ezagutzen Howe Gelb, baña aipaturiko diskoa argitaratu baño lehen, beste lan pila bat egindakoa da Arizonako trobadorea deitzen dutena.
Estilo ezberdiñak ukitzen ditu diskoan; gospela, folka, rocka, bluesa … baño diskoan bi gauza bereizteko modukoak dira; lehenik bere ahotsa (momentu askotan Lou Reeden ahotsa etortzen zait burura) eta bestetik gospel ahotsak (Voices Of Praise Gospel Choir koru kanadiarrarena). Bi bereiztasun hauek kontrakoak direla esan daiteke; batetik bere ahotsa oso bakartia delako, spoken word deitzen den estiloa ukitzen du askotan ta bestetik gospel koroak festara gonbidatzen gaituzte.
‘Sno Angel, Howek erabili duen ezizena da gospel koruarekin egindako proiektu hontarako baña diskoaren izenak bi irakurketa ditu:
1> Howe Gelb & ‘Sno Angel | Like You
2> Howe Gelb | ‘Sno Angel Like You (zu bezalako aingerurik ez dago)
Donostiko azken jazzaldian egon zirenak, aukera ederra izan zuten proiektua osorik ikusteko baña nik, lanaren aitzakiarekin, ez nuen posibilitaterik eduki bertara joateko. Hurrengo batean izan beharko du. Bitartean bere ahotsa CD berezi hontan entzun beharko det… aingeru batek ekarri didana. ::.:
Filed under: batzuk
Hori izan zen igande arratsaldeko plana, eta Marx anaien antzera, gozatualdi ederra hartu genuen. Ordura arte hipodromora (Zubietakoa, Donostikoa, Lasartekoa…) inoiz hurbildu gabeak izaki (8 euro sarrera), Cicerone egokiak izan genituen apustuen “erritu iniziatikoan” murgiltzeko (gomendagarria guztiz). Ganador, kolokado, gemelak eta tripleteak gure diru urriaren jabe egin ziren. Hurrengorako oharra: 6 lasterketerako egokia 6 euro (parea izan behar du diruak) bakoitzean jokatzea (botatzea?), hortik aurrera, danger…
Bertan zaudela, ordura arte zuretzat guztiz ezkutatuta egon den mundu paralelo bat irekitzen da: jendea tipo Aston-en bezala jantzita (gu bezalako herritar xumeak kenduta, noski), jockey txiki koloretsuak (neska zein mutilek elkarrekin korri egiten dute), Don Corleoneren familiakoak diruditen zaldi jabeak (eskuan konbinatua eta guzti)… eta zaldiak, noski, benetako protagonistak. Lerdenak; dotoreak; harrotasun punttuarekin, beraien protagonismoa ikuskizunean zein den jakingo balute bezala. Beraien izenak ere neurrira egindakoak: Lake Star, Rivendell, La Chaparrita, Piccolo Mix (!!), Sir Mutilla, Siete Leguas, Trip to the moon, Bolas Nuevas, Boabdil… Izenen gainetik, hala ere, ikusgarriak.
Errituala hasten da eta sei alditan errepikatu:
+ Lehenengo, zaldiak ikusi pikaderoan; ondoren, zaldia aukeratu (itxuragatik, izenagatik, zenbakiagatik, iragarpenengatik… gaiaren sakontasunaren arabera bat edo beste erabiltzen da. Guk, noski, lehenengo hiru elementuen arabera aukeratu genituen, hau da, lehenbizikoaldiadaetortzengarelaetazazpizenbakiagustatzenzaidanezhorrenaldeapustu metodoaren bidez).
+ Jarraian zer motatako apustua egingo duzun erabaki (irabazleari, kolokado <hiru lehenetan>, gemelak <lehen eta bigarren postuak, hurrenkera kontuan hartu gabe>, triplete <lehen hiru postuak hurrenkera egokian> eta beste batzuk, baina guk horiek erabaili genituen).
+ Poltsikoa begiratu, apustua egin eta lasterketa ikusteko toki egokia topatu.
+ Lasterketa. Kilometro t’erdi eta bi kilometro berrehun metrotako luzera. Hasiera zirkuitoaren beste puntan, eta gu katalejorik gabe.Ta-ta-ri-ta-ri! Zaldiak ziztu bizian atera dira eta ez ditugu zenbakiak ere ikusten. Kurba hartu dute eta azken txanpan sartzen dira. Protagonistak gerturatu ahala, jendearen orroa gero eta handiagoa egiten da. 200 metro falta dira, eta orain bai, orain zaldiaren izerdia, bere gihar markatuak eta jockeyaren tentsioa ikus ditzakegu. Eta orduan, ez dakizu nola, garraisika hasten zara zure zaldiaren alde; barne indar batek hori egitera bultzatuko bazintu bezala. Eta bukatu da, oraingoan ez dugu zorterik izan, baina hala ere, gustora geratu gara adrenalina igoerarekin. Ufa!
+ Eta berriro hasten da errituala.
15 bat euro gutxiagorekin bukatu dugu eguna. Arratsalde ederra. Urtean behin joateko, hala ere.
Filed under: bidaiak
Egun osoa aurretik. Helburua: gero eta urrutiago oporretan joan= opor hobeagoak axiomari kontra eginez, Baztango bailara hobeto ezagutzea.
Baztan, Nafarroako udalerririk zabalena da, eta “Nafarroa Hezea” bezala ezagutzen den lurraldean dago. Baztanen herri hauek aurkituko ditugu, hegoaldetik iparraldera: Almandoz, Berroeta, Aniz, Ziga, Oronoz-Mugairi, Arraioz, Irurita, Gartzain, Lekaroz, Elizondo, Elbete, Arizkun, Azpilkueta, Erratzu eta Amaiur. Aspaldi, Baztango herriak Unibertsitate gisa antolatu dira eta ibarrak Udalerri bakarra osatzen du. Armarriari dagokionez (argazkian), Xakea armarrietako irudirik noble eta zaharrenetariko bat da, gerlari ausarta eta lehiatsuei soilik ematen zitzaiena beren ausardia eta adorea saritzeko. Era berean, xakea soldadutzaren deskripzioa eta arte militarraren eredua da, guda-zelaia irudikatzen baitu.
Gure bidaia Amaiurren hasi dugu (259 biztanle). Sarrerako arkua gurutzatu eta garai batean gaztelua zegoen muinora abiatu gara, monolitora, Nafarroako errege-erreginek beren lurraldea berreskuratzeko egin zuten azken borrokaren oroigarria eta egun induskatzen ari direna (Aranzadik ta UEUk).
Bigarren geltokia, Arizkun (668 biztanle). Festa eguna egokitu zaigu, herri bazkaria prestatzen ari baitira frontoian. Guk aurrera jarraitu eta herri dotore hau miatzen jarraitu dugu. Ondoren, bazkari legea herriko ostatuan. Etxeko janaria eta primerako jeneroa; etxekoandrearen “esker mile”ren doinu musikatuak belarriak gozatu dizkigu. Bozate auzora egin dugu gero. Bertan bizi izan ziren Agoteak. Giza-talde hau historikoki baztertua izan da eta hainbat teoria daude beraien jatorriaz. Euskaldunak ere sortzez ez hain garbiak garela gogora arazteko ondo etorri zaigu bisitak. Auzoan bertan ezin geratu Ursua jauretxea ikusi gabe. Leinuetxea, erdi aroko arma-dorrea eta Nafarroako nobleziaren sorterri zaharrenetako bat da. Ikusgarria benetan.
Erratzun ez gara denbora gehiegi geratu (526 biztanle). Hori bai, autoarekin ibiltzeko argi ibili, oso “seinalizazio berezia” du eta. Itzuliko gara, dudarik ez.
Irurita (817 biztanle). Iruritako plazan, laxoan jokatzeko lekua mantentzen da, eta inguruko etxe eta jauregiek herri arkitekturaren adibide garbiak dira. Estilo gotikoa eta barrokoa aurkituko dugu bertan. Erdigunetik, pixka bat aldenduta, Dorrea jauregia dugu. Nafarroako Erresumako hamabi jauregi zaharrenetako bat dugu. Nagusiak “Baztango jaunak” ziren. Alboko eskailerak aipamen berezia merezi du. Baztango Udalak berriki eskuratu du (2001).
Arraiozera (260 biztanle) ideia garbiekin iritsi gara: bertan dauden hiru jauregi ikustea. Horietatik bi ikusteko ohorea izan dugu. Zubiria jauregia, harrizko monumentu ederra eta Jauregizahar, harria eta egurra uztartzen dituena; biak aintzinako leinuetxeak dira eta erdi aroko dorretxeen itxura dute. Dagoeneko, geure buruari galdetzen diogu ea etxetzar hauek esku pribatuetan ote dauden (eta mantenua zenbatekoa izango den), eta herriko etxeentzat dirulaguntzarik edo antzekorik izango ote dituzten, guztiak primeran zainduta daudelako. Txalotzekoa benetan.
Baztandik aterata, Beran (3.480 biztanle. Bortziriak) eman diogu amaiera Nafarroan egin dugu egun pasari.
Egun osoan zehar, izki larriz idazten den Historiaren pisua duen tokian egon garela nabaritu dugu, baina ez gara sentimendu hori elkarri adieraztera ausartu bertan egon garen bitartean.
Eta hala eta guztiz ere, etxean bezala egon gara.
Filed under: batzuk
… eta hain zuzen ere hori da gehien gustatzen zaiguna: xehetasunei garrantzia eman, gauza txikiak mirestu, berezitasuna nabarmendu, itzalean dagoena argitaratu eta zirrikituei tartea irekitzea. Hori dela eta, hemen topatuko dituzun berriak, aipamenak, gomendioak, hausnarketak eta dena direlakoak ez dituzte telebistako minutu edota egunkarietako lehen orri asko hartuko.
Bootxo: “Hitzek altxorrak eta deabruak gordetzen dituzte neurri berdinean, eta hitzek harrapatzen dituzte nire sentimenduak ere. Burua piztuta beti: liburuak, musika, bidaiak, animaliak, argazkiak, egunerokotasuna, kontraesana… nire eguneroko bidailagunak dira“.
i eme: “Musikaz betetzen det nere bizitza, pelikula baten banda sonoroa izango balitz bezala. Pelikula hori, nere eguneroko bizitzan ikusten ditudan irudi ezberdiñez osatzen da: ilustrazio, argazki, graffiti… edo ateratzen ditudan argazkiekin. Tekno-katxarroak gustatzen zaizkit; asko eduki nahiko nituzke baña ezin dudanez teknologia ta gure munduaren aurrerapenak segitzea gustatzen zaizkit“.
Bootxo eta i eme; zuritik beltzaraino desberdinak batzuetan. Grisean etengabe topatzen direnak gehienetan.
