Filed under: batzuk
70 urteak ederki pasatxo ditu eta bizarra egin gabe. Poliki-poliki, bere bizitzako egun guztien itzelezko pisua gainean hartuta izango balu bezala, aldameneko eserlekuan jarri da. Segituan, ardura batek hartu dit barrena: “jeitsi beharko duenean ez dio denborarik emango. Lagundu egin beharko diot”. Nerbio sistema azti jarri da. Agureak harritu egin nau Elgoibarrera iritsi garenean: bastoia maisuki eta duen itxurarako indartsu erabiliz, leihoa erdi itxi du, bertatik sartzen den haize zaplaztekoa ekiditu nahian. “Indarra eta abilezia ditu”, nere artean.
Debara iritsi gara. Trena berandu dabil gaurkoan, 3 minutu, zehatz esateko, eta horregatik, segituan jarriko da berriro martxan. Agurea, dagoeneko ia hutsik dagoen bagoian tente jarri eta urrutien duen atera abiatu da, motel, kamara geldoan. “Ez dio denborarik emango”, errepikatu dut neure baitan bihotza asaldatzen zaidan bitartean. Nola ahala lagundu nahi diot baina ez dakit nola, besoetan ez badut hartzen behintzat. Azkenean, atera iristen ari denean, trena martxan jarriko dituen txistuak urratu dute airea, eta BRAUSTA! ateak itxi egin dira, agurea erdian harrapatuz.
Ez du inolako keinurik egin, besoekin indarra soilik. Eta atera da. Bihotzean atximurka bat sentitu dut, gertatutakoaren erantzulea izango banintz bezala. Erruki sentimendua gailendu zait barrenean. Berarengatik edo niregatik zen, oraindik ez dut jakin. Bootxo.
Filed under: liburuak
La mujer del Viajero en el Tiempo
Audrey Niffenegger (Grijalbo).
Atzeko laburpena irakurri ondoren, beste maitasun historia arrunt baten aurrean gaudela dirudi, baina ezta urrik eman ere! Azken urteetan irakurri dudan libururik kuttunena da, dudarik gabe. Zergatik? Hiru arrazoi eman ditzaket: 1. maisuki idatzita dago, 2. krixton maitasun historia da (arroxatasun guztietatik aldatzen dena) eta 3. denboran bidaiatzearen gaia ikuspuntu guztiz berritik lantzen du.
Noizbait maitemindua egon bazara (baina benetako maitemina, eta ez asteburuko kalentoi bat ), hau da, bizitza guztirako dena eta kontu guzti hori, liburu hau aurkikuntza handia izan daiteke zuretzat. Izan ere, orri hauek errealismo handiarekin gordetzen dute zein erraza eta zaila den era berean zure maitearekin egunero elkarbizitzea.
Eta gero denboraren zeharreko bidaiak daude, noski. Gai honek orri eta zinemako minutu asko bete ditu, baina liburu honek eskaintzen digun ikuspuntua guztiz berria da, niri behintzat horrela iruditzen zait. Izan ere, hainbat galdera planteatzen ditu honen inguruan: denboran zehar bidaiatzea uzten dizun hori gaixotasun larri bat balitz? Eta zure emaztea ikusiko bazenu haur bat zenean, oraindik ezagutzen ez zenuenean? Eta bi bizitza biziko bazenitu batera? Zure bikotea denarekin bata eta etorkizunetik zein iraganetik azaltzen zaizun zure (beste) senarrarekin bestea? Eta zure heriotza ikusiko bazenu?
Laburbilduz: azken orria amaitu dudanean umezurtz geratu naiz. Bootxo
Filed under: musika
Berriz pasatu zait. Fnac edo antzeko denda batera joaten banaiz, esku bete irtetzen naiz gehienetan. Diskoak dira nere tentazio. Oraingoan bi diskorekin irten naiz, Euskal Herriko bi taldeen azken diskoak. Lehenengoa Donostiko Chico Boom taldearen lana “Squeezing The Time” (EPa) ta bestea Bizkaiko Arean‘en “Higakorra“.
Chico Boom, Chico Boom ezizenakin ezagutzera ematen den Imanol’en talde berria da, Donostiko Buenawista kolektiboaren itzalean sorturiko beste talde bat gehiago (ta badira batzuk). Buenawistako taldeak ezagutzen dituenak, jakingo du ze bidetatik doazen hauen doinuak… Rock’N'Rolla! Taldea osatzeko, Andoni baterian daukagu (Chico Boom’ekin Señor No taldean aritua), Koldo bajoan (Surfin Kaos taldekidea) eta Alvaro teklatuan (Chico Boom’ekin Five Lives taldean aritua). Talde berri honen doñuak ez dira bere azken taldearen doñu gordiñak (Señor No); Rock’N'Roll doñuak dira baña komertzialitate puntu bat somatzen diot, gauzak ondo eginda daudenean bezala entzuten da diskoa, disko biribila. Komertzialitate puntu honekin, aukera asko dituzte ezagutzera emateko beraien izena Euskal Herriko mugetatik kanpo, gañera ingelesez kantatzeak, hizkuntzaren mugak murrizten ditu. Beraien izenen gatik ez balitz, USAtik edo Suediatik datorren R’n'R taldea dela esango nuke, baño ez, Donostikoak dira ta kalitate handiko Rock’N'Rolla egiten dute. Hellacopters, Flaming Sideburns edo antzeko taldeak gustoko badituzue, disko hau zuen gogokoen artean egongo da.
Arean talde bizkaitarra bere aurreko diskotik ezagutzen nuen ta aurreko diskoarekin pentsatzen nuen bera segitzen dut pentsatzen; Euskal Herriko talde maila handia dela. Hiru dira taldekideak: Borja gitarra ta ahotsetan, Iñaki bajoan eta Koldo baterian. Ahotsa, gitarra, bateria ta bajua; zertatarako gehiago? “Su artifizialak” alde batetara utzi ta emozioz beteriko rocka egiten dute hauek. Rock alternatibo edo post-rock’aren barruan sartzen dituzte batzuk (erreferentzi bezela erabili, gero bakoitzak bere etiketa jarriko dio). Diskoa, Tolosako Bonberenean grabatu dute Karlos Osinagarekin Gaztelupeko Hotsak zigilluaren barruan ta kalitate handiko doñua lortu dute. Abestietan tentsio asko somatzen da, gitarren doñuek ematen diote tentsioa puntua eta bateri-baju bikoteak laguntzen dituzte tentsio une hoiek, pelikula bat izango balitz bezala, suspensezko pelikula bat. ::.:

Askorentzat euriak tristura, hotza eta azken batean, konnotazio txarrak ditu. Euria nagusi dugun egun hauetan, sentipen guztiz desberdinak biziarazten dizkit; etxeko epeltasuna eta goxotasuna, batez ere. Euriaren alde “bero” hori jaso nahi izan dut argazki honetan, farolen argi laranjaz tindaturik nire etxeko leihotik errepidean nola erortzen zen ikustean. Bootxo.
Filed under: bidaiak
Opor giroa ihes egiten ari den honetan, arabar errioxan egin dugu egun pasa. Bertan mahastiek hartzen dute zeruertzaren ikuspegi ia osoa; lurraren nabarrak, mahats hostoen berdeak eta zeruaren urdinak izugarrizko ikuspegia eskaintzen digute.
Buradon Gatzagan (Salinillas de Buradon) eman diogu hasiera gure ibilbideari. Izena aintzinean zituen gatzagatetatik datorkio herri txiki honi (55 biztanle ditu). Bere osotasunean inguratzen duen harresi bat dauka. Uda honetan anbarra (erretxina fosilizatua) bertan eta Montoria herrian topatu dituzte; 120 eta 112 milioi urte bitarteko antzinatasuna duten anbar zatiak ez daude beste inon (Berria).
Hurrengo geltokia Bastidan egin dugu. Nafarroako erresumaren gaztelu batean du jatorria, goi erdi aroan. Kale nagusiaren ertzetan kokaturiko beste eraikin batzuek, jauregi zein jauretxe, puntako arkitekturakoek, blasoidunek, hiriaren garrantziaren berri ematen dute. Parrokia ikusgarria hiriaren erdigunean kokatzen da, XVII. mendekoa. Hiriaren goi partean Kristo santuaren ermita erromanikoa dago, eta bertatik bailara osoaren ikuspegi ezinhobea ikus daiteke.
Biasteriko bidean goazela San Vicente de la Sonsierra herriak erakarri gaitu (Errioxa). Herri hau harresi handi batez inguratuta dago (barbacana) zeinak erdi aroko gaztelua babesten duen. Bertatik Ebro ibaia ederki ikus daiteke, eta baita ere XIII. mendeko zubi ikusgarria ere. Ostegun eta Ostiral Santuan, “Los Picaos”-ak ateratzen dira; Vera Cruz-eko kofradeak, penitente anonimo hauek erruak hari mataza gordinekin beraien bizkarra zigortuz kitatatzen dituzte.
Biasteri (Laguardia). Nafarroako erresumaren defentsarako sortu zen X. mendean. Erdi aroko trazaketa urbanoa dauka oraindik ere, lilura berezia ematen dioten harresiez inguratuta. Kale estuetan barna galtzea merezi du, izan ere, edozein unetan erdi aroan zaudela iruditzen baitzaizu. Etxe bakoitzak azpian upeltegia du; ardoa herri honen patuarekin guztiz lotuta dagoenaren beste seinale bat. Herri zoragarria benetan.
Egun pasa honetako gure helburuetako bat bertako bi upeltegiren eraikinak gertutik ikustea izan da. Lehenik Eltziegora hurbildu gara, Frank Gerhy-k Marques de Riscal-entzat egin duen eraikin ikusgarria gertutik ikusteko. Ahal dugun bezainbeste hurbildu gara eraikinera (Guggenheim museoaz ez gogoratzea ezinezkoa da), baina zainpeko guardiek ez digute sartzen utzi (dirua eskainita ere ez, lastima). Kasualitatea, hurrengo egunean inauguratzen dute txiringito guztia, eta gure poltsikoentzat iritsiezinezkoak diren kotxeak eta jendearen aurrera-atzeak ikusteko aukera izan dugu muino batetara igota; paparazzi merkeen modura.
Beste arkitektura modu baten txanda: La chabola de la hechicera trikuharria, Bilar-en (Elvillar). 1936an topatu eta 1974ean zaharberritu zuten. 9 harrik osatzen dute trikuharria, korridore eta guzti. Barnean kristo aurreko 3 mila urteko aztarnak topatu zituzten. Ez da inguruko trikuharri bakarra, baina bai Euskal Herriko garrantzitsuenetako bat. Inor ez da egon gu iritsitakoan. Segituan konturatzen zara gure arbasoek toki hura zerbaitengatik aukeratu zutela; badu horrelako zerbait, ezin azaldu daitekeena, baina dudarik gabe, sentitzen dena.
Eta hemendik Ysios ardotegietara. Eguna amaitu ahala, arabar errioxa lurralde guztiz aberatsa dela konturatzen gara. Ikusi besterik ez dago ardotegien jabeek beraien eraikuntzetan egiten ari dituzten berrikuntzak (punta puntako arkitektoak, apustu handia goi mailako zerbitzuen sektorean ), mahasti oparoak, ebro ibaia, izki handiz idazten den historia,…
Euskal Herri nabarrak, ardoa darabil zainetan.