Kolpe baten indarra
ez dator
giharren arabera,
baizik eta momentu horretan
daukazun
ostia txarraren arabera.
Paddy Rekalde
Bilbo dub kronikak

Eguraldi ederrarekin baina azken egunetan bezala, hotz esnatu da inuxenteen eguna. Umorea, adar jotzea eta antzekoek hartzen dute protagonismoa gaurkoan, baina atentzioa albiste txiki txiki batek erakarri dit egunkaria irakurtzen nengoela: “Etxerik gabeko bat laguntza faltagatik hil dela salatu dute”.
Gertaera abenduaren 15ean jazo zen, Donostian. Francisco Barrena 40 urteko gizona Donostia Ospitalean hil zen hotzak eragindako bihotzekoaren ondorioz, hil aurreko bi gauetan kalean lo egin ostean. Donostiako Elizabarrutiko ordezkariak Barrena aterpe batera eramaten saiatu ziren, baina ez zuten lortu. SOS Deiak, Udaltzaingoa eta Gipuzkoako Diputazioko larrialdi zerbitzuei aterpera eramateko eskatu arren, ez zuten eraman.
Hotz geratu zait gorputza lerro hauek irakurtzean, kaleko bozgorailuetatik gabon kantuak etengabe entzuten ditudan bitartean. Bootxo.
Olentzerorekin zorterik izan ez duzuenontzat erregeetako proposamen gozo batekin natorkizue, mahaiko kontuen zaleak zaretenontzat: Larousse Gastronomique liburua.
Bertan 3.000 errezeta topatuko dituzue, besteak beste, Arzak, Berasategi, eta Adriá-renak. Horretaz gain, produktuen, teknika desberdinen, sukaldeko tresnen, jatorrizko izendapenen, jatetxeen eta beste hainbat konturen gaineko informazioa topatuko duzue, 6.000 argazkiz lagunduta.
Gutxi gora behera, 100 euro. On egin! Bootxo.
Interneteko bidai kuxkuxero horietako batean http://www.mundofotos.net/estrellasdebelen gunearekin egin dut topo. Bertan, inguruko gabon argien argazkiak biltzen ari dira.
Badakit askorentzat gabonak ez direla egunik kuttunenak, baina poteo/bazkari/afari/atxurra/biharamuna tarteetan argazki kamara ateratzeko aitzakia polita izan daiteke.
Begira bestela Gran Canaria-ko argiak; beno, argiak baino gehiago bertan egoteko aukera gustatzen zaidala uste dut. Zer egingo diogu ba… Bootxo


2005ean, Iruñeko UEUren udako ikastaroetan Patxi Gallego idazle eta marrazkilari errenteriarraren hitzaldi bat entzuteko aukera izan nuen. Bere “Pololoak: poxpoliñen lurrina” liburua eta Xabinaitor superheroia nola jaio ziren kontatu zigun Patxik. Ordurako liburua irakurria nuen eta egia esan, mundiala izan zen pasa genituen ia bi orduak (hitzaldian, esan nahi dut. Ez gaizki pentsatu). Izugarrizko harrikada majoa du eta hainbat euskal topikoren gainean adarra jotzen du liburu honetan, guztia ere protagonistaren sexu-frustrazioaz apaindua. Hori gutxi balitz, amaieran lagun koadrilari karikatura egin zigun; hortxe daukat etxean, urre gorrizkoa balitz bezala.

Duela gutxi trilogia izango denaren bigarren zatia argitaratu du, “Pololoak 2: Poxpoliñaren bahiketa” eta gaur bertan Sustatun agertu den elkarrizketa gustura irakurri dut.
Oraindik ez dut erosi, baina esperantza badut Olentzerok tximini aldamenean utziko didala. Eta bestela, ze arraio! nire buruari oparitu diot. Bootxo.
Pasa den urrian Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XVII. Astean ikusteko aukera izan nuen Jack Mircala-ren erakusketa eta ezusteko ederra izan zen benetan. Orain Bilboko Parte Zaharreko Serie B dendan (Loteria 2) daude ikusgai marrazkilari madrildarraren maketa eta marrazkiak.

Mircala diseinu industralean eta barne diseinuan hasi zen lanean, baina azkenean bere zaletasuna gailendu eta marrazkilaritzaren bideari heldu zion. Marrazkiak (“El acertijo de Vapul”, “Ciudad Monstrualia” eta “Gamusiodes mircalianos”), eskulturak, eszenografiak eta argazkilaritzak hartzen dute bere lan eremua eta literatura gotikoaren, terrorezko zinemaren eta margolaritza expresionistaren eraginak atzematen zaizkio. Bere irudiak ikustean segituan datorkigu burura Tim Burton; Mircalaren esanetan, bere “aita espirituala”.
Irudi koloretsu eta hipnotikoak; fantasiazko mundu liluragarri bat sortzen dutenak. Bootxo.

Aspaldi neukan Guggenheim museora sartzeko gogoa. Bere eraikuntza ezinezkoa eta futurista hasiera-hasieratik jarraitzeko aukera izan nuen ikasle garaitan, eta nahiz eta makina aldiz pasa naizen aldamenetik, orain arte ez dut barnera sartzeko tarterik bilatu. Egia esan, barneko arte lanak ikusteko baino eraikina bera gertutik gertura bisitatzeko gogoa izan da bertara bultzatu nauena (A8 astopistaz aurrerago idatziko dut post bat, gaiak benetan ematen du eta).
Sarrera 12,50 euro; garestia iruditu zait, are gehiago ez bada sartzen zaren lehenbiziko aldia. Nire kasuan aurrenekoa zenez, ba hori, “behingoagatik…”. Behetik gora txoko guztiak ikusi genituen, ia 3 ordu. Kanpoko negu eguraldiaz gozatzeko aukera ezinhobea. Barrutik ere ikusgarria eraikina, batez ere sarrera edo “hall”a. Kontuz argazki-kamerekin, baina ez arte lanengatik ez, Frank Gehryk eraikineko argazkirik ez ateratzeko klausula bat jarri ta baitu. Berez, ez omen da legala eraikinaren argazkiak ateratzea ez barrutik eta ez kanpotik ere (!).
Artean “amateurra” naizen aldetik zerk eragin zidan zirrara? Alde batetik, bilduma iraunkorreko parte den “Denboraren materia”, Richard Serra eskultore estatubatuarrarena. Eskala handiko 8 pieza hauek ikusgarriak iruditu zaizkit erabilitako materialagatik (altzairua), formengatik (ezinezko elipsiak sortzen ditu) eta ikusleak eskulturetan zehar, parte delako (barrutik ibili zaitezke, galdu, garraisi egin,…).
Bestetik, otsailaren 18ra bitartera ikusgai egongo den %100 Afrika erakusketa zentzumenentzako elikagai ezinhobea iruditu zitzaidan. Erakusketak 25 artista afrikar garaikide hartzen ditu barne, adierazpide anitzekin. Efiaimbelo madagasscarraren hildako dirudunen edo buruzagi espiritualen hilobiak apaintzen dituzten eskultura tradizionalak ederrak iruditu zitzaizkidan (aloaloak). J.D. Okhai Ojeikere argazkilariaren ile orrazkeren irudiak ere arte lan bikoitza dira. Eta Romuald Hazoumé-ren lanak ere ez zaitu hotz uzten, bere mozorro-bidoiei esker.
Hala ere, piezarik kuttunena hauxe:

Bootxo
Filed under: kultura
Igandean Txalo Antzerki taldearen Artea antzezlana ikusteko aukera izan nuen. Gustatzen zait antzerkia; antzezleak edozein unetan hanka sartu dezaketenaren aukerak biziberritzen nau; edo zoro une baten ondorioz taula gainera igotzeko aukerak izugarrizko irrika pizten dit barruan; baina onena, aurrez aurre, inolako efektu berezirik gabe aktoreek, istorioak, “ukitzen” nauela sentitzea maite dut. Lortu zuten.
Yazmina Rezak idatzi zuen obrak izugarrizko arrakasta izan du ikuslego zein kritikaren aldetik. 35 hizkuntzetara itzulia eta mundu osoan antzeztua izan da. Hiru lagunen arteko istorioa kontatzen duen komedia da. Sergiok (Ramon Agirre), koadro guztiz zuria erosi du oso garesti eta Markosek (Asier Hormaza) bere desadostasuna agertu eta arte garaikideari buruzko eztabaida snob batean murgiltzen dira. Ibon (Joseba Apaolaza) bakegilea, erdi-erdian harrapatzen du eztabaidak, sakonean dagoen adiskidetasuna haserrearen benetako arrazoia dela bistaratuz.
Zenbatetan ez gara topatu horrelako egoera batean? Hasieran eztabaida lelo bat zena benetako haserre bihurtzen da aspaldian gordeta ditugun “mamuak” bapatean kanpora ateratzen direlako. Eta behin hasita gelditzerik ez dago, urtegia hautsi eta urteetako kexuek, aurpegiratzeak, irainek… dena harrapatzen baitute. Eta oraindik ez badituzu atera, hori okerragoa da, bai baitakizu gero eta denbora gehiago pasa orduan eta eztanda handiagoa izango dela…

Eta zuk mamurik ez duzula uste duzu? Bootxo.

