erbinnuriaren aztarnak


Bridget Jones momentua
Urtarrila 31, 2007, 2:54 pm
Filed under: batzuk, bridget jones momentuak

funnycar.jpgKotxea garajera sartzera nindoan Seat Ibiza beltz bat ate aurrean ikusi nuenean. Aldameneko garajean, berriz, 22-25 bat urteko bi mutil, musika ekipoa kaletik entzuteko moduan, eta nik nere artean “jodeeeer, ederra egin duzu Bootxo! Zure gidari abileziak gertu-gertutik aztertzeko aukera izango dute hauek!“.

Txintxo aurpegiarekin kotxea ate aurretik mugituko zuten galdetu diet gaztelania batuan, eta haiek baietz. Seat Ibiza ez-dakit-zenbat-zaldi-eta-behorrera igo, giltzari eragin, eta txunda-txunda erritmoekin batera kotxea mugitu du gazteenak. Nire esperantza kotxea mugitu ondoren bere garajera bueltatzea zen, baino uste dut entretenimendu falta zuela eta beraz, nire maniobra ikuskizuna ikustera geratu da; desde luego, ke majo!

Gidatzeko nire esperientzia ez da oso luzea, egia esan, eta beraz, oraindik horrelako momentuetan urduri jarri eta izerdiak ihes egiten dit gorputzetik, bihotza trostan jartzen zait eta nire autoestima bost bat puntutan hondoratzen da. Are gehiago maniobra txunda-txunda topera entzuten ari den gazte erdi kolokatua zuri begira-begira kotxeari kolpea noiz emango zain dagoela egin behar duzunean.

Arnasa sakon hartu, martxa atrasa sartu eta hor noa! Lehenengo mugimendua hurbiltzeko: nahiko urruti. Izerdia besapeetan nabaritzen dut. Bigarren saiakera, eta hobeto hurbildu dut. Dagoeneko arropa guztia sobran dut. Tipoaren begirada somatzen dut. Hirugarrengorako esperantza handiegirik ez dut, baina patuaren bideak ezezagunak direnez, nire harridurarako izugarrizko maniobra egin eta kotxea garbi-garbi sartu dut bere estalpean. “Toma ya, txupate esa, kapullo! Emakumea naizela eta zer uste zenuen, Carlos Sainz nintzela edo?”

Harro-harro atera naiz garajeko atea ixtera, bere miresmen begirada itxarotera. Baina orduan, Seat Ibiza beltza berriro aurreratu behar zuenean, mekasuenla! Poltsoa kotxe barruan utzi dut! Ke bajon! Nire irudi “ona” pikutuara, eta tipoa irribarre lelo horrekin. Nire bizitzako beste Bridget Jones momentua izan da hau…



Mugimenduaren sorginkeria
Urtarrila 29, 2007, 5:51 pm
Filed under: dantza

biarritzdonjua.jpgAtzo Balet Biarritz Juniorraren ikuskizunaz gozatzeko aukera izan nuen. Aukera asko ez da egoten mota honetako ekitaldiak ikusteko (are gutxiago herrietan), eta behin etxeraino ekarrita ezin joan gabe geratu.

Proiektu hau 2005ean hasi zen martxan, Biarritzeko Baleta eta Dantzaz Elkartearen eskutik, dantzariak mundu profesionalera sartzeko laguntza modura. 2006ko ekainean egin zuten audizioa eta aurkeztu ziren 200 gazteetatik hamarrek osatzen dute Balet hau (Euskal Herria, Katalunia, Frantzia, Belgika eta Britainia Handiko 18 eta 22 urte artekoak). Lehen saioa inuxenteen egunean egin zuten Miarritzen eta atzokoa bigarrena zuten, hori dela eta, urduri antzean zebiltzan teloiaren atzetik.

Nik ez dut baletaz ezer ulertzen, baina ederki pasatu nuen. Ordu t’erdiko saioan bost atal desberdin ikusteko aukera izan genuen. Tartean, dantzariek beren buruak aurkezten zituzten (euskaraz batek eta gazteleraz, frantsesez, ingelesez eta alemanez gainontzekoak) eta dantza zergatik aukeratu duten azaltzen zuten.

Baina hitz egiten baino gehiago esaten zuten beraien gorputzekin. Mugimendu eder eta eleganteak, gorputzaren esfortzuak, oinen soinua lurraren kontra, izerdia, musika klasikoak eta batez ere koordinazio hipnotikoak guztiok ikuskizunean murgiltzea lortu zuten. Bertan zeuden dozena bat haur txikik ere txintxik ere ez zuten esan saio osoan zehar, hain zeuden txundituta.

Ez genuen baletaz ezer ulertzen eta era berean dena ulertu genuen.



Maitatzeko adina
Urtarrila 26, 2007, 12:01 pm
Filed under: bidaiak

“Ez dago adinik maitasunarentzat!”; hori da behintzat askotan esaten dena/duguna. Bada esaldi hori ez da guztiz zuzena.

Hona hemen hainbat herrialdeetan erlazio sexualak edukitzeko legezko baimenaren adina:

edades1.jpg

Hausnarketa batzuk honen inguruan:

1. Ados, maiatzeak eta sexuak ez dute batera joan behar, baina postari titulu erakargarria jarri nahi nion…

2. Espainian 13? Ez naiz harritzen “Al salir de Clase”k eta antzeko programek duten arrakasta. Berdinduta Burkina Faso, Corea Eta Guayanarekin eta soilik urte betera Chile eta Mexicotik, ia ia lehen postua, lastima!

3. Beste puntan Madagascar eta Tunez. Hori ere ez da, joe… ke aguafiestas.

4. Bidaiatzea gustuko baduzu (eta ia guztioi gustatzen zaigu), argi ibili “ligeekin”. Ordainduak direnak zein ez direnekin, alegia.

5. Ez nuen espero hori Jamaicatik. Porrotxoak eta Bob Marley buen rollito, baina gero eliza baino puritanoagoak. Bertan behera utziko dut uda honetan bertara egitea pentsatzen nuen bidaia, hala!

6. Zuen txanda.



Zaldi eroa, nire eguneroko i(rri)parra
Urtarrila 24, 2007, 1:55 pm
Filed under: batzuk, liburuak

Inbiria diot Zaldi eroari (Patxi Huarte); inbiria diot nik sekula ez dudalako izango berak duen mundu ikuskera era hain ikaragarri, fin, sotil eta umoretsuan transmititzeko dohaia, De Rerum Natura bere komiki tiran egunero egiten duen moduan. Goizero BERRIA irekitzen dudanean, nire esku daldartiak azkar doaz erdiko orrialdeetara, nire eguneroko jenialitate-dosiaren bila. Gizon jakintsua, Txurroaren Kofradia, Sebastian artzapezpikua, The Organitation, plastilina irakaslea (geniala!)… guztiek gaurko gure errealitatea aletzen eta kritikatzen dute. Eta irrifarrea atera, gainera. Hori bai luxua! Ezin galtzekoa De Rerum Natura liburua. Mesanotxean ezinbestekoa. Elkar. 15,50 euro. Nire laneko mahaiaren aldemenean hauxe dut pegatuta.

zaldi-eroa2.jpg




Hodeien trilogia
Urtarrila 22, 2007, 6:43 pm
Filed under: argazkiak, batzuk

Ez dakit zergatik, baina hodeien artean sentitzen naiz gaur.

Goizean,

zerua.jpg

Arratsaldean,

20060907-1741.jpg

Eta iluntzean…

20060907-1739.jpg



Eguneroko superheroiak
Urtarrila 18, 2007, 3:50 pm
Filed under: argazkiak

Ez dago zerura begiratu beharrik superheroiak topatzeko. Etxean, lanean, koadrilan eta kalean; zurekin gurutzatzen dira egunero. Dulce Pinzon artista mexikarrak hori azaldu nahi du bere argazki proiektu honekin. Nik gertu-gertu ditut antzeko batzuk: bejondeizuela!

superman-pinzon.jpg



Zurrunbiloan
Urtarrila 17, 2007, 4:03 pm
Filed under: batzuk

Indezents-ek herenegun bere blogean Budismoari buruzko post interesgarria eskaini zigun. Egun berdinean osaba hil zitzaigun, azken bi urtetan gorputz osoan barreiatutako minbiziak garaituta. Aspaldiko partez gau osoa lo egin ondoren, ohetik jaikitzerakoan bihotzekoak emanda bertan geratu zen.

Hortik aurrera makinaria osoa jarri zen martxan: anbulantziari deitu heriotzaren konfirmazioa jasotzeko; funerariara deitu; gorpua zein tanatoriora eraman behar den erabaki; Diario Vascon zenbat eskela, zein tamainokoak eta zein testurekin aterako diren erabaki; hilkutxa zein egur klasekoa izango den adostu; apaizarekin elizkizunaren ordua ipini; loreak enkargatu; familiakoei deitu; panteoia prestatu, ehizeko eskopetaren paperak aurkitu; kotxeko asegurua bertan behera utzi; hildakoaren erropa erabaki; tanatoriorako joan etorrien txandak finkatu; mezak atera; bisitak hartu; hilkutxa eta koroak zeintzuk eramango dituzten erabaki…

…eta zurrunbilo horrek uzten duen tarteetan, negar malkoak isuri.



Oporretara espaziora
Urtarrila 12, 2007, 9:09 pm
Filed under: Burutaziyuak, arkitektura, batzuk

Gaur egun oporren garaia iristen denean topiko hau errepikatzen da etxe askotan: mendia ala hondartza? Ba laster galdera hau beste honengatik aldatu beharko dugula iruditzen zait: Maitia, lurra ala gainontzeko Eguzki Sistema?

Izan ere, Bartzelonako arkitekturako enpresa batek (Equip Claramunt), Floridako aeronautikako ingeniari batzuekin batera, espazioko hotelaren gelaren prototipoa diseinatu du. Galactic Suite delakoa astronauta eta espazioko turistentzat izango da. Hotelak mahats-mordo itxura du; luzeran 7 metro eta altueran 4 metro. Ez angelurik, ez marra zuzenik eta izugarrizko lehiatearekin: 360 graduko askatasuna. Honelako zerbait:

galactic_suite.jpg

(Argazkia EFE)

Oraindik urte batzuk pasako dira hotel hau martxan ikusi orduko. Ezagutuko al ditugu guk Eroski Bidaietan horrelako eskaintzarik?

“2×1 bidaia ilargira 100.000 eurongatik, oxigenoa dohainik!”

“ezagutu Plutoi planeta nanoa zure gela pribatutik, Oharra: zulo beltzetarako egun pasak %50eko plusa edukiko du”.

“Gizon, aste bete Marteko kasinoan, ezin duzu galdu! %60ko deskontua ur edangarria topatzen duenarentzat”.

“Emakume, topatu ezazu zure barneko nia Venuseko talasoterapian; kleenexak eta bonboiak doan”.



Zein da zuretzat 2006ko euskal diskorik onena?
Urtarrila 11, 2007, 3:33 pm
Filed under: batzuk

entzun.jpgEntzun! aldizkariak urtero aukeratzen ditu euskal disko kuttunenak. Aurten, lehen aldiz, entzun.com-eko irakurleei gonbita egiten diete euskal disko gustukoenak aukeratzeko:

+Bakoitzak 10 disko aukeratu ditzake. Gehien gustatu zaionari 10 puntu emango dizkio eta azkenekoari 1.

+Zerrenda hori entzun@entzun.com helbidera bidali behar da urtarrilaren 15a baino lehen (15a barne).

+Botu guztiak + aldizkariko kolaboratzaileen botuekinn osatuko dute azken zerrenda.

Musika kontuetan ez nago oso jantzia, baina zerrenda horretan dudarik gabe sartuko nuke JC Perez-en Hiriko istorioak (Elkar).

Zein da zuen zerrenda?



Scooby-Doo umezurtz geratu da
Urtarrila 10, 2007, 4:06 pm
Filed under: batzuk, telebista

takamoto.jpgIwao Takamoto, Scooby-Doo marrazki bizidunen sortzailea astelehen honetan dil da, 81 urte zituela. Takamotoren lana Disney eta Hanna-Barbera enpresetan islatu da mende erdiz baino gehiago (“La Cenicienta”, “Peter Pan”, “La dama y el vagabungo”, “101 dálmatas”, “Los Supersónicos”, “Los Picapiedra”…), baina Scooby-Doo-k eman zion arrakasta handiena.

Berak esaten zuenez, pertsonaia hau Daniar Handiak hazten zituen gizon batekin hitz egin ondoren sortu omen zuen 1969an, eta izena Frank Sinatra-ren “Strangers in the night” kantaren amaierako esalditik atera omen zuen. Txakur hizlari izutiak lau lagun izaten ditu abenturakide: Fred “freddie” Jones, Daphne Blake, Vilma Dinkley eta Norville “Shaggy” Rogers beldurtia (niretzat maitagarriena). 2004 eta 2005 artean, Scooby-Doo-k Guiness errekorra mantendu zuen marrazki bizidunetako kapitulu gehien dituen serie bezala. Zeinek kendu dio errekorra? Nola ez, The Simpsons-ek.

nostalgia-animados-sccoby11.jpg

Ezin esan nire marrazki bizidun kuttunenak zirenik, baina gogoratzen dut gaztetan gustura ikusten nituela bere gora beherak. Pentsatzen dut azken urteetan Iwaok ez zuela marraztuko, baina… Scooby Doo umezurtz geratu da. Bootxo.