erbinnuriaren aztarnak


Bi hankako animaliak
Otsaila 26, 2007, 4:16 pm
Filed under: batzuk, gaur zer

Madrilgo epaitegi batek emakume bat kondenatu du pasa den astean bere txakurrak bi hilabetez abandonatuta uzteagatik.

Berria ez litzateke munduko beste edozer izango gisa honetako lehen epaia izango ez balitz (estatu espainiarrean). Berria irakurri dudanean asko poztu naiz, izan ere, beti pentsatu izan dut gizarte baten garapen maila animaliak nola tratatzen diren ikustean neurtzen dela.

Hasieran txakurkumeak etengabe zaunka egiten zuten, baina egun batzuetara ixildu egin ziren eta horretaz jabetuta, bizilagunek aldemeneko leihotik janaria ematen hasi ziren. El Refugio elkartearekin harremanetan jarri ziren eta honek polizia nazionalari abixua eman zion. Azkenean, etxera sartu ahal izan ziren eta Guille eta Mafalda bertatik atera ahal izan zituzten, oso egoera txarrean.

recursos_1578909153-condena-abandonoa.jpgEpai honek hilabetez eguneko 12 euro ordaintzera behartzen du emakume hau, eta animalien alde lanean diharduten elkarte guztiek izugarrizko aurrerapusutzat jo dute.

Eta Guillek eta Mafaldak famili berriak topatu dituzte.



Ying Yang
Otsaila 23, 2007, 3:42 pm
Filed under: Burutaziyuak

ying-yang2.jpg

Egun batzuetan Murphy-ren lege guztiak betetzen direla dirudi: tostada gurinaren aldetik erortzen zaizu, trena galdu egiten duzu, aste osoan landutako txostena ezabatzen duzu eta afaltzeko geratu zaren laguna gaixotu egiten da.

Eta beste egun batean armairuan galduta zenituen galtzak jantzi eta bost eurokoa topatzen duzu poltsikoan.



Bost
Otsaila 20, 2007, 3:05 pm
Filed under: Burutaziyuak

Ia guztiok zuen katarsi partikularra egin ondoren, norbait nitaz gogoratu da eta hemen nator biluzte publikora gehitzera:

1. Unibertsitateko hirugarren maila nengoela Bizkaia aldean, kirola egin behar nuela sartu zitzaidan eta Karateko klaseetara apuntatu nintzen Leioako kiroldegian. Taldean ia guztiak neskak ginen, baina hori bai, nire gerrikoa zuri-zuria zen bitartean, nire kideena marroia zen, eta beltza ateratzekotan zeuden ikasturte horretan. Normala den moduan, gorriak eta bi ikusi nituen kumiteetan (borroketan); ederki berotuta ateratzen nintzen! Katak(posizioen koreografia) ziren nire gustokoak, eta horiei esker ikasturtean bertan gerriko berdea lortu nuen (ondoren datoz urdina, marroia eta beltza). Ikasturte haren ondoren, ordea, praktiketan lanean hasi eta betirako baztertu nuen traje zuria. Hortxe daukat kajoian, txukun-txukun.

2. Institututik Italiara egin genuen bidaian Vaticanoa ezagutzeko aukera izan genuen. Egun horretan Aita Santuaren harrera publikoa zegoen eta bertara joatea pentsatu genuen hiru lagunok. Milaka pertsona sartzen ziren areto erraldoiaren atzealdetik eliza katolikoaren buruak arroz ale bat ematen zuen. Halako batean, bankuen arteko tartean isten hasi ziren, pasilo itxia osatuz. Gu badaezpada ere pasiloaren aldamenean jarri ginen eta hara non hasten den Juan Pablo II pasilotik paseatzen, jendearengana hurbiltzen. Aldemeneko mojak konturatu zirenean, gure gainetik pasa nahi izan zuten, baina ukabilkada eta inproperio batzuk tarteko, gure egoera mantendu genuen. Aita Santua gure aldamenera etorri zen eta gurekin hasi zen hitz egiten! Ea nongoak ginen eta gu euskaldunak ginela, noski. Eta bera, “a sí, País Vasco” esan eta bedeinkatu egin gintuen eskuak buru gainean jarriz. Ni egia esan, beti izan naiz kritikoa tinglatu katolikoarekin, baina une horretan duela gutxi hil zen nire amonaz gogoratu nintzen pozik. Flipatu egingo zuen!

3. Nire diskografia eklektikoaren artean Alejandro Sanzen lehen lana topatu daiteke, Escorbutoren Anti-todo diskarekin batera. Komentariorik gabe.

4. 2003ko abenduan Madrilera joan ginen laneko lagun batzuk. Helburua, Siete Vidas telebista saioko grabaziora joatea zen, eta bidez batez sekulan izan gabeko Ikeatik bueltatxo bat ematea. Grabaziora berandu iritsi ginen, baina ederki pasa genuen, nahiz eta ia egun osoa eman bertan. Okerrenaeszena eta eszena bitartean publikoa “girotzeko” zegoen “animatzailea”, pena ematen zuen gehiago. Izugarrizko barreak egin genituen kapituluarekin, eta gure begiekin ikusi ahal izan genuen Gonzalo eta Aidaren artean “zerbait gehiago” zegoela. Eguna ezin hobeto bukatzeko Santi Millán eta Sole-rekin argazkia atera genuen. Oso jatorrak.

5. 8 bat urte nituela Aralarrera joan ginen egun pasa familiakoak. Bertako tabernan zerbait beroa hartzen ari ginen mendi bueltaren ondoren eta begiak bertan zegoen souvenir dendara joan zitzaizkidan: postalak, egutegiak, llaberoak… guztiak ere San Migel deunaren irudia itsatsirik. Halako batean, amak bagindoazela esan zidan laugarren aldiz edo eta ahots tonuak azti jarrita, bertatik mugitzea hobe nuela pentsatu nuen. Korrika abiatu nintzen gurasoen atzetik, baina buelta azkarregi eman nuen eta tupusteko ederra eman nuen aiton handi baten kontra. Beltzez zegoen jantzita goitik behera, eta gona handi bat zeraman. Berak irribarre bat egin eta ea ondo nengoen galdetu zidan. Nik baietz, eta korrika alde egin nuen. Aitak kotxera iristerakoan esan zidan aiton hura Jose Migel Barandiaran zela.

Horra hor bostak.



Oteizaren Altzuzan
Otsaila 19, 2007, 4:22 pm
Filed under: artea

Inauterietatik ihes eginez iritsi ginen larunbatean Altzuzara (Nafarroa), Oteizaren museoa ezagutzera. Ordu erdi baino gehiago lekua topatu ezinik ibili ondoren (agur bat hemendik Atarrabiko jubilatu guztiei gure nora eza areagotzeagatik), azkenean eraikina ikusi genuen. Gustatu zitzaidan, kanpotik zein barrutik.

eraikina-oteiza.jpg Sarrerako 4 euroak ordaindu ondoren abiatu ginen hiru solairutan zehar banatuta dauden lanak ikustera. Ordu batak ziren eta museoan 8 bat pertsona egongo ginen; lasai egoteko aukera paregabea (eta bertan lan egiten dutenentzat aspergarria), eta gainera argazkiak ateratzeko aukera dago, flasharik erabiltzen ez baduzu.

Lehenengo eta bigarren solairuan erakusketa finkoa aurkitzen da. Bertan, 1935etik 2003ra bitarteko bere hainbat obra ikus daitezke. Beheko solairuan, berriz, bere Paper laborategia ikusteko aukera dago apirilaren 8ra bitartean. Bertan, lehen aldiz ikusi daiteke Oteizaren marrazki kopuru adierazgarri bat, horietatik asko sekula garatu ez zituen ideiak biltzen ditu.

oteiza.jpg

Museotik aterata eta sarrera berdinarekin Oteizaren tailerra ikusteko aukera dago. Bertan aurkitzen da bere bulegoa, eta egia esan bertan zaudela badirudi edozein unetan bertan agertuko zaizula.

Bisitan pasatako bi orduetan are argiago geratzen zait zer nolako pentsamendu garatua eta niretzat irits ezina duten artista handiek. Bisita gidatu bat eskertuko nukeen (laguntzatxo bat, Borthuzai!). Hala ere, nahiz eta ez ulertu, hainbat lan asko gustatu zitzaizkidan, honakoa kasu.

Amaitzeko, txaskarrillo moduan esan museoan geunden zortzi pertsonetatik bat Patxi Gallego zela, hau da, Xabineitor-en aita! Gutxi falta izan zen gruppie bat bezala bere gainera salto egiteko. Baina azkenean arrazoia nagusitu zen eta ez nion esan zenbat gustatu zitzaidan bere bigarren liburua (begiratu hau).

Horren ordez Iruñeko parte zaharrera joan ginen.



Mozorro desfilea
Otsaila 16, 2007, 4:47 pm
Filed under: Bobi's guorld

Aurten ez naiz mozorrotuko, eta honekin badira hiru urte. Eta hori izugarri gustatzen zaidala. Horregatik, nire inauteri-monoa hobeto eramateko (eta piska bat izorratzeko, aitortu behar dut) nire txakurra mozorrotzea pentsatu dut.

bobi2onaona.jpg

Bobi 6 urte t’erdiko euskal artzai txakur eme ederra da (ikusi besterik ez dago), eta bere izena Dallas telebista serieko Bobby Ewing-etik datorkio, kulebroiko txintxoarena. Amonari izugarri gustatzen zitzaion pertsonaia hau (batez ere JR gaiztoari aurre egiten ziolako), eta geroztik etxeko txakur guztiek izena oinordetzan hartu izan dute.

Bera manipulagarria… ee, nirekin ados egongo denez, hainbat proposamen ekarri ditut berarentzat asteburu honetarako. Ea mozorroa aukeratzen laguntzen didazuen:

bobimozorrok.jpg

1. Hiru txerritxoak ipuinean lastozko etxea egin zuen txerriarena:

2. “Dog’s against the sagardotegis” aktibistarena:

3. Euskalteleko bezeroaren zerbitzuko teknikariarena:

4. Edo “txakur berdea naiz eta harro nago” iraultzailearena:

Beno, hortxe aukerak. Zure botua mezu honi erantzunez eman edota SMS idatzi 9999 zenbakira MOZORRO txerri, MOZORRO sagardotegi, MOZORRO bezero edota MOZORRO berdea jarriz. Botu gehien lortzen dituen mozorroa jantziko diot eta egingo dugun zozketaren irabazlearentzat neurrira egindako jantzi berdina oparituko diogu.



San Valentineko maitasun istorio bat
Otsaila 14, 2007, 2:16 pm
Filed under: Burutaziyuak, batzuk

Zurekin bizi nintzelako
Ahaztu zintudan.
Egunero ikusten zintudalako
Desagertu zinen
Nire bistatik.

Orain bakarrik bizi naizelako
Ezin zaitut ahaztu.
Inoiz ikusten ez zaitudalako
Agertzen zara beti
Nire begien aurrean.

(Pako Aristi, Gauza txikien liburua)

Asko maite dut Aintzane. Izugarri gustatzen zait bere gaztain koloreko begiak niri begira daudela ikustea. Edo bere ezpain jostariak irribarre zabala eskaintzen didatela sumatzea. Garrantzitsua sentitzen naiz oso. Garrantzitsua eta bakarra. Ez zait batere gustatzen Aintzane Andonirekin hitz egiten ikustea. Gorroto dut bere gaztain koloreko begiek hari begiratzea. Jasanezina egiten zait bere ezpainak beste bati irribarrea eskaintzea. Ahula sentitzen naiz oso. Ahula eta ezereza. Asko maite dut Aintzane, bai. Hemendik aurrera Aintzanek soilik niri begiratuko, niri egingo dit barre. Baina zer gauza arraroa; bakarrik eta hutsik sentitzen naiz. Eta ez dakit non garbitu eskua erretzen didan laban luze hau…



Haize oihalak
Otsaila 12, 2007, 5:00 pm
Filed under: batzuk, musika

haizeoihalak.jpgLurraren bihotzean harribitxiak egiten duen bezala, igande arratsalde grisa kolore goxoz tindatu zuen Pello Ramirez-en kontzertuak. i emek gomendatuta iritsi nintzen aretora, zer topatuko nuen oso ondo jakin gabe. Gustatzen zait bide zidorretan barne galtzea, zuhaitz tarteetan nora eramango nauen arrastoari besterik gabe jarraitzea, toki zoragarri asko bide nagusitik ez baitira ikusten.

Laugarren lerro diskretoan eseri, eta jendea pixkanaka nola etortzen den ikusi dut. Aretoa ez da beteko, argi dago. Bost minutuko atzerapenarekin taularatzen dira musikariak: ezkerretara piano beltz disdiratsua; aldamenean Pello Ramirez, eskusoinua eta txeloa aldamenean dituela; eta eskuinera beste bi biolontxelo.

Eskusoinuaren auspoak ematen dio hasiera kontzertuari, eta duda handiegirik gabe, bere bakarkako lanari ere: Haize oihalak (Elkar, 2005). Doinuak pixkanaka-pixkanaka barneratu egin gaitu, eta amaiera arte ametsetan egotearen sentimendua gailendu da. Musika gozoak begiak lau musikarien mugimenduetan itsastera narama. Lau sokako amoranteei besarkatuta, ezin hipnotikoagoak dira arkuek egiten duten ibilbidea. Ordu t’erdiz lozorro ezti honetan murgildu naiz.

Bidezidorrak pena merezi izan du.



Ospitaleko burutazioak
Otsaila 9, 2007, 2:55 pm
Filed under: Burutaziyuak, batzuk

wavbtn1a.gifLankide baten aita ospitalean dago eta hizpide abertatsa eman digu gaurko kafe-garaian eztabaidatzeko (beno, hori eta atzo Anatomia de Grey ikusi nuela). Horrek duela bi urteko Aste Santuak ekarri dizkit gogora, katolizismoaren pasioaren gorenean aste bat pasa bainuen ospitaleko ohe baten aldemenean zentinela gisa. Horrelako tokietan orduak luzzzzzzzzzeagoak egiten dira (Einstein, hori bai maisua!), eta hainbat burutazio etorri zitzaizkidan bertako egoeraz erizainen errelebo eta errelebo artean. Esan dezadan aurretiaz ospitaleko guztiek primeran tratatu gintuztela, bai profesionalki zein pertsonalki; beraz, umorez hartu behar dira ideia hauek, ospitale batean 7 egun amaigabe egon beharraren koiunturan sortutakoak baitira.

Lehen burutazioa: urgentzietako itxaron-gelak moldatu beharko lituzkete. Hasteko, bi gela desberdin egon beharko lirateke: bat urgentzia duenarentzat eta bestea beraiekin doazen famili-lagun-ezagun eta abarrentzat. Izan ere, itxaron gelak Marx anaien kamarotearen itxura gehiago zuen urgentzietako gela baino. Era honetan, urgentzia duenak (dela hezurren bat hautsita, dela iltzatzen duen burukomina, dela odoletan datorrena) lasai egongo lirateke gela batean, bake bakean eta bere minean kontzentratuta, besterik gabe. Eta beste gelan gaixoaren laguntzaileak egongo lirateke jokaldia gainontzekoekin komentatzen (ba ez dakit zer daukan, atzo gauen hasi zen…), larritasunak konparatzen, zigarrotxo bat erretzen eta azken batean, taberna giroan, amai-ezinak diruditen urduritasun ordu horiek ahal bezala pasatzen.

Bigarren burutazioa: gelak banatzeko irizpideetan, sexuaz gain beste irizpide pare bat gehituko nuke: gelakideak adin eta eritasun berdintsua izatea. Nahiz eta antolaketarako zailagoa izan (bistan denez), uste dut azkarrago errekuperatuko liratekeela gelakideak; sintomen antzekotasunetik abiatuta talde-terapia egiteko aukera izango zuketelako eta lau pareten artean hainbeste denbora pasatzearen poderioz, zeinek daki, azkenean koadrilarako lagun berri bat ere lortu ahal izango lukete.

Hirugarren burutazioa: Familia eta lagunen bisitak ordu berdinetan izatea, bestela ospitalea baino gehiago Donostiako bulebarra ematen baitute gela eta pasilloek egun guztian zehar. Solairuetako itxaron gelak (eta ez gaixoen gelak) erabili beharko lirateke gaixo baten inguruan biltzen diren familia, ezagun eta lagun guztiak tertulian aritzeko; askotan gaixoari kasurik egiten ez diogulako (aspaldi ikusi gabeko senitartekoak topatzen dira, lagun zaharrak… eta haiekin gehiago hitz egiten dugulako) eta bestetan gaixoak antzarrak ferratzera bidaliko gintuzkeelako daukan ondoezagatik.

Laugarren burutazioa: Ospitaletako langileen uniformeen koloreen kodearen esanahia gela guztietan egon beharko luke. Izan ere, azkenean ez dakizu antibiotikoa erizain bati, medikuari edota garbitzaileari eskatzen diozun.

Bosgarren burutazioa: hau buruko mina…



Oda garraio publikoari
Otsaila 7, 2007, 5:29 pm
Filed under: Burutaziyuak

trenaii.jpgGarraio publikoen erabiltzaile fina naiz, besteak beste, orain dela gutxirarte beste aukerarik ez dudalako izan. Baina hala ere, eta jendeak sinistu nahi ez badit ere, autobusean zein trenean ibiltzea izugarri gustatzen zait (salbuespenak salbuespen). Zergatik? Arrazoi bat baino gehiago daude. Azken urte hauetan zenbat liburu irentsiko nituen tunel eta tunel artean! Eta noski, garraio publikoek eskaintzen duten beste abantaila bat lo egin dezakezula da. Hori bai, aldamenekoaren sorbaldan babak uztea ez zaizu komeni, eta kristalaren kontra burukadak ematea saihestu beharra dago, treneko gainontzeko bidaiariak barrez lehertzen jarri nahi ez baldin badituzu behintzat.

Hala ere, gehien gustatzen zaidana jendea da. Bai trenean eta bai autobusean asko ikasi dezakegu pertsonetaz, eta bide batez entretenitu, izan ere, bidai-tramu horretan beraien bizitzako zati baten testigu mutu bihurtzen baitzara. Nork ez du inoiz aldamenekoaren elkarrizketan belarria jarri? Hortxe topatzen zara azterketetara doazen ikasleekin, eta zuk ere trantze horretan ibiltzen zineneko garaiak gogoratzen dituzu. Donostiara etxeak garbitzera doazen emakumeak ere hortxe joaten dira batera, gremio berezi moduan, aurreko eguneko telebista-programa komentatzen edota eguraldiaren gora-beherak aipatzen. Badaude ere geltokia baino 300 metro lehenago altxatzen direnak, eta hori ikustean, gainontzeko guztiak par txiki bat egiten dugu (idatzi gabeko lege bat balitz bezala), izan ere, garraio publikoko profesionalentzat “nobato” bat baita .

Trenetan oso fenomeno berezia gertatzen da geltokietara iristean. Nahiz eta treneko ateetan lehenengo atera behar dutenei utzi behar zaiela pasatzen jartzen duen, horrelako lasterketa ero bat sortzen da segundo eskas horietan: hau da, bai barrukoak eta bai kanpokoak batera hasten dira sartu eta ateratzen, eta ondorioz izugarrizko iskanbilak sortzen dira: guardasola barruan utzi duela batek, besteari atea muturrean itxi zaiola… Honetan espezialistak adineko pertsonak dira normalean; izan ere, ia guztiek esertzeko toki bat nahi izaten dute eta une horietan Carl Lewis eta Cassius Clay-en arteko hibridoak bihurtzen dira. Hori dituk/n hori bultzadizoak!

Hurrengoan kontrako arrazoiak.
Garraio publikoa: etorri eta konta ezazu!



ostiral arratsaldeak
Otsaila 5, 2007, 2:06 pm
Filed under: Burutaziyuak, batzuk

Astelehenetan, oraindik asteburua iristeko falta diren egunak zenbatzeko eskuko bost behatzak behar ditudanean (ikus Borthuzai-ren post hau), larunbateko parrandako kanta gainetik kendu ezin dudanean, begiak ordenagailu-pantailaren aurrean ixten ari zaizkidanean eta “astelehenenean bukatzekotan geratu zitzaizun txostena” begira daukadala sumatzean, konturatzen naiz bere osotasunean zein handiak diren ostiral arratsaldeak.

Berdin izaten du afaria eduki zein etxean filme bat ikusten egon, lagunekin tragu bat hartzeko geratu edota inolako planik ez eduki: ostirala da, eta asteburu osoa edukitzearen perspektibaren pozak, zorionez betetzen nau.

Bat, bi, hiru…