erbinnuriaren aztarnak


Heriotza
Apirila 25, 2007, 2:40 pm
Filed under: Burutaziyuak, batzuk

tree.jpg

 

Gure gizarteak gaztetasuna maila goreneko balio bezala jarri du. Gaztetasuna edertasunarekin, bizitzarekin, ondo pasatzearekin eta antzeko adjektiboekin lotzen da. Aldiz, zahartzaroak esanahi negatiboak hartzen ditu: itsusitasuna, antzutasuna, heriotza,… Badirudi gaur egun denok amaiezineko gaztetasun izoztutan geratu nahi dugula betirako. Baina hau paradoxa, gero eta zaharragoa da gizartea.

Egun heriotza bizitzaren ziklotik kanpo geratzen den zerbait bezala ikusten dela iruditzen zait. Beno, ikusi ere egin nahi ez den zerbait da. Gazte eta helduen artean ez da heriotzaz normaltasunez hitz egiten. Ezkutatu egiten den zerbait da. Filmetako heriotzak eta erailketek ez dute eragin berezirik gugan; eta egunero-egunero munduan zehar piztuta dauden hainbat gudetako gorpuak ere ikustera ohituta gaudela esan dezakegu. Baina gure bizitzan zuzenean eragiten duen horretaz, horretaz ez dugu ezer jakin nahi. Horretaz ez dugu hitz egiten.

Duela gutxi lankide baten aitaren elizkizunean egon nintzen. Elizatik ateratzerakoan han geunden langileak heriotzak sortarazten dizkigun sentimenduez hitz egiten aritu ginen. Lehenbiziko aldiz. Tabua izango balitz bezala, hitzak ahoskatzea kostatu egiten zitzaigun, eta zer esanik ez dagoeneko hilda dauden senideez edo hil daitezkeenez zerbait esatea. Ez gaude prestatuta horretarako.

Gure aitona-amonek beste harreman bat zuten heriotzarekin: bizitza zikloaren beste atal bat zen beraientzat eta ez zuten ezkutatzen. Hezkuntzaren zati bat zen heriotza, jaiotza den bezalaxe. Guk ere berdina egiten hasi beharko ginatekeela uste dut.



Bueltan
Apirila 23, 2007, 11:52 am
Filed under: batzuk

Ez, ez nabil munduan zehar Willy Fog bezala bidaiatzen ari, hemen nabil, nahiz eta blog pixka bat umezurtz eduki dudan. Astelehen honetan lanera inoiz baino nagi gehiagorekin etorri naiz, eta kontsolamendua aurkitu nahiean herri jakituria honekin egin dut topo:

“Abadien bierra (lana) da gatxena: eurek sinisten eztabena, bestieri sinistu”.

garfield_monday.jpg



Euskarazko hitz politena
Apirila 13, 2007, 11:23 am
Filed under: batzuk, gaur zer

letras.jpgBehin baino gehiagotan ikusi ditut gisa honetako lehiaketak azken urte hauetan. Oraingoan atentzioa deitu didana ekimena zeinek martxan jarri duen izan da: Diario de Navarrak, alegia.

Lehiaketan parte hartzeko email bat bidali behar da euskera@ diariodenavarra.es helbidera bakoitzak gogokoen duen hitza aipatuz, bai eta izena eta harremanetan jartzeko era adieraziz. Parte hartzaile guztien artean zenbait sari zozketatuko dira. Hitz bozkatuena apirilaren 23an emango da ezagutzera egunkarian. Ez dut uste parte hartuko dudanik, baina nire aukera, estetikoki eta fonetikoki hauxe litzateke:

  • Txarrantxa.

Zuena?



Zein superheroi zara?
Apirila 4, 2007, 12:48 pm
Filed under: batzuk

Galdera honentzat oraindik ez baldin baduzu erantzunik, galdetegi hau bete eta jakingo duzu…

justice-league-anime-2.jpg



Odolaren deia
Apirila 2, 2007, 9:11 am
Filed under: batzuk

lasterketa.jpg

Odolak odola deitzen du. Gure iloba zaharrena txirrindularitzan hasi denetik familia osoa Gipuzkoan zehar gabiltza atzera eta aurrera, munduko hainbat herrialdeetako nomaden antzera. Herenegun, adibidez, Urretxun egin genuen kanpaldia.

Irteeran urduritasuna usain zitekeen. 15-16 urte bitarteko ehundik gora nerabe, milatik gorako bizikletekin guztiak, beraien taldekideekin brometan, adrenalina gehiegi ez disparatzeko ahaleginak egiten. Zein irudi polita akneaz eta Cantiflasen antzeko mostatxoz betetako aurpegiak “serpiente multikolor” horretan murgilduta ikustea!

Errepidearen bi aldetan klan guztiak taldekatuta, bakoitza bere “retoƱoari” adi. Klaneko gizonezkoak dira batez ere okerren pasatzen dutenak, beraiek lortu ez zuten ametsak beren semeek lortuko dutenaren esperantzaz takikardiko egoten baitira, azken unerarte entrenatzaile-gomendio alferrikakoak emanez. Ilobaren tokian egongo banintz aita zen familiako guztiak (ni barne) antzarrak perratzera bidaliko nituzke fijo, presio handiegia jartzen zaiela iruditzen baizait.

Lasterketa hasten da eta berriro gure paretik pelotoia noiz pasako zain geratzen gara kafetxo bat hartzen dugun bitartean. Furgoneta baten aldamenean aurreko asteko lasterketako argazkiak salgai jartzen dituzte, eta klan guztietako kideak bertara doaz, inmortalizatutako irudi horietan beraiena agertzen ote den ikustera eta erostera (3 euro t’erdi).

Ertzainaren motorrak eta txilibitu hotsek adierazten digute badatoztela. Nahi gabe, bihotzaren taupadak azkarrago doaz, eta barnean iloba erori ez izana edo ez erretiratzea desiatzen duzu. Alde egindakoa pasatzen da ziztu bizian lehenik, eta 100 bat metrotara pelotoia. Bost bat segundutan jertse laranja eta kasko gorria topatzen saiatzen zara: ez dugu ikusten. Atzetik eta bakarrik norbait dator. Ez duzu askorik behar gurea dela jakiteko. Pintxatu egin du eta pelotoiak ateratzen dion abantaila berreskuratu nahian dabil, hortzak estututa, amorrazio guzti pedaletan jarriz. Bapatean, klanaren odola bor-borka jartzen da eta barne-barnetik ateratzen zaizkigu animo oihuak. Argazkia ateratzea ere ahaztu egin zaigu. Adrenalina maila gorenera igotzen da.
Lasterketa amaitu da eta ez dugu helmugara sartzen ikusi. Partehartzea da garrantzitsuena, mutilak ondo pasatzea. Baina hori teorian da, errealki helmugara iristea nahi duzu, eta noizbait lore-sortaren jabe izatea. Guk beragatik eta guregatik ere, eta berak ere beragatik eta klanarengatik ere. Odolaren deia da.