erbinnuriaren aztarnak


Bootxo eta i eme
Urria 27, 2007, 7:56 am
Filed under: gaur zer

Zuritik beltzaraino desberdinak batzuetan. Grisean etengabe topatzen direnak gehienetan.



Ateak
Urria 24, 2007, 4:33 pm
Filed under: Burutaziyuak

“Zoriontasunari ate bat isten zaionean beste bat irekitzen da; baina askotan itxitako atearidoor.jpg begira hainbeste denbora pasatzen dugu, ez dugula ireki zaigun berria ikusten”.

 

 

 

Hellen Keller. 1880 – 1968 (EEBB), idazlea, aktibista eta hizlari gor-itsua



Itsu
Urria 22, 2007, 4:29 pm
Filed under: Bobi's guorld

Itsu geratuko da Bobi epe ertain batean. Hori da albaitariak pasa den astean esan ziguna, eta orain arte idazteko animorik izan ez dudana.

Azken hilabetean anaia ari zen esaten paseatzera ateratzen zuenean hainbat gauzaren kontra jotzen zebilela. Nik eta amak berriz harriak botatzen genizkionean ez zituela askotan topatzen ikusten genuen, baina horren arrazoia txoriburu xamarra zela uste izan dugu orain arte. Pasa den asteartean anaiak berriro zuhaitz baten kontra jo zela esan zuenean dagoeneko ez zitzaidan normala iruditu (zazpi urte ditu oraindik) eta begiak begiratu nizkion zuzenean.

Bihotzak buelta horietako bat egin zuen begi bakoitzean sare txurixka bat ikusi nuenean, eta arratsaldean albaitariarena laguntzeko esan nion anaiari, dagoeneko larritua. Garbitu eta lasaigarri bat eman ondoren (kotxean zorabiatu egiten da), albaitariaren kontsultara sartu ginen, uste txarrenak hartuta. Ordua aurretik eskatu ez genuelako haserrea bapatean desagertu zitzaion albaitariari bertara joateko arrazoia esan eta gure aurpegiak ikusi ondoren. Bobi eta biok sartu ginen kontsultara, anaiak enkargu bat egin behar zuelako. Mahaira igo eta segituan eman zidan diagnostikoa: “Bootxo, Bobi itsu geratuko da, kataratak ditu”. Hitzik gabe eta malkoz gainezka geratu nintzen.

Etxerako bidea oso luze egin zitzaigun hiruroi.bobi3.jpg

Badirudi genetikoa duela. Eskuineko begitik dagoeneko ez du ezer ikusten, eta datorren urterako besteko ikusmena ere galduko du. Operatzeko aukerarik ba omen dago, baina Madrilera joan behar da, 3.000 euro baino gehiago balio du eta ez omen dago ziurtasunik ondo geratzeko. Beraz, ez dugu operatuko.

Albaitariak ere esan zigun berarentzat baino okerragoa izaten omen dela guretzat, eta horrela da, “paxara” ederra eman digu guztioi. Animaliak gustoko dituenak ulertuko du. Bobi berriz beti bezala dabil, etengabe pelota eskatzen eta paseatzera joateko zaunka egiten, baina guretzat zerbait aldatu da, ironia dirudi, baina beste begiekin ikusten dugu.

  • Etxeko altzariak ez mugitzea,
  • paseatzera joatean beti toki berdinetatik lotuta eramatea
  • edozein oztoporen aurrean hitz gako bat erabiltzea (geldi, kontuz, e.a.)

dira txakur itsu baten jabeek izan behar omen dituzten hiru arauak. Informazio interesgarri gehiago ere lortu dut, beti ere atzerriko orrietan, hau bezala: http://www.handicappedpets.com/

Ba holaxe. Ea ez garen gu itsutzen.



Ardo gorri naparra II
Urria 11, 2007, 4:14 pm
Filed under: batzuk, bridget jones momentuak

Egun pasa ederraren ondoren, Bilbotik Donostira doan trena hartzeko zain nengoen geltokian. Nire pentsamendu etilikoetan murgilduta nenbilela aguretxo bat hurbildu zitzaidan ea Donostira zihoan trena orain etorri behar zuen galdetuz. Nire gogoeta sakonetik kostata atera eta baietz, oraintxe helduko zela esan nion.

orfeon-donost-2003.jpgBerak orduan orfeoiaren kontzertu batetik zetorrela eta primeran pasa zuela esan zidan, eta horrela, inolako abixurik eta anestesiarik gabe, Verdiren ez-dakit-zein opera hasten zait kantatzen hantxe, andenaren erdian! Joeeee, noizbait bat ligatuko eta gerra zibileko kintoa izan behar! Hau komeriya!

Eskerrak orduntxe trena iritsi zela, bestela espektakulu guztia tragatu behar izango nukeen. Dagoeneko egoera hauek ekiditzeko neskok izaten dugun radarra defkondos mailan neukan, eta hurrengo helburua agurea eta ni bagoi desberdinetan egotea zen. Hori lortzeko bagoira bera baino beranduago sartzeko estrategia erabili nuen, horrela bera eseritzen zen lekutik urrun jartzeko (hau dena, trena frenatzen ari zela planeatzen).

Trena gelditu eta jendea jeisten hasi zen. Ni agurearen atzean. Bera bagoira sartujohnson-ben.jpg orduko korrika bestera joango nintzen. Jende guztia atera eta oraindik ez zela sartzen, mekasuen! Ihes egingo dit! Gerri joko ikaragarriya eginez atzeko bagoira korrika batean joan nintzen bidaian egingo nuen lokuluxkaz gozatzen. Ja, ja, nirea da garaipena! Baina, ZER??? Aguretxoa atzetik korrika batean neukan, dopatutako Ben Johnson bat baino krono hobearekin! JODERRRR!

Bere arnasestua atzean entzuten nuelarik (oraindik bihotzekoak emango dio, no te fa!) bagoiaren aurrealderaino joan nintzen (ez zegoen beste inor!!!), banakako eserlekuan eseritzera (zakur aurpegiarekin, noski). Berak indirekta harrapatuko zuenaren esperantza (miraria?) ez zen oso handia, baina azkenean ni baino hiru eserleku atzerago eseri zen.

Dagoeneko okerrena pasa zela sinistuta, musika entzuten jarri nintzen. Baina, bai zera! Ia bihotzekoak eman zidan berriro nire aldemenean ikusi nuenean, ea Eibarrera iristeko zenbat geltoki zeuden galdetzera etorri zenean. Eta denok dakigu jubilatuek zerbait kontrolatzen badute hori garraio publikoaren ordutegiak eta bonoak direla. “Animo Bootxo, 20 minutu eta jeitsi egingo da. Eutsi!”.

Beste galderarik egiteko aukerarik egin gabe musika belarrietan jarri eta lo itxurak egin nituen. A zer nolako arrazoia zuen Einsteinek! Dena erlatiboa dela? Bai horixe! Izan ere, 20 minutu horiek inoizko luzeenak egin zitzaizkidan. Azkenean, villa armerara iritsi zen trena. Izugarrizko agurrak eta loreak bota ondoren itxi zen atea.

Gloria Geynor-en I will survive kanta bilatu nuen MP3an begiak itxi aurretik.



Ardo gorri naparra
Urria 8, 2007, 4:30 pm
Filed under: batzuk, bidaiak, jatekua

Gorria baino beltza gehiago dastatu nuen pasa den larunbatean lagun batzuekin egindako bazkarian. Lehenik pote pare bat Lizarran hartu eta ondoren Lakar herrian kokatuta dagoen Lezaun ardotegira joan ginen otordua egitera.

fot_04_01.jpgLezaundarren patriarkak egin zigun harrera eta guztiz liluratu gintuen bere etorriak; XVII. mendeko dokumentu batzuetan dagoeneko agertzen omen dira edaten ari ginen kupel horien aipamena, mahatsak egiten duen ibilbide guztia, Nafarroako ardoaren merkatua, produkzioa… Pazientzia ederra eduki zuen gurekin!

Ondoren, ardo dastaketa egiteko aukera izan genuen Edorta semearekin. Hau gozatua! Urtekoa, kriantza eta reservaz gain, dagoeneko pasatu xamar zegoen ardoa ere probatu genuen, desberdintasuna nabaritzeko. Hortxe ibili ginen, koloreak desberdindu, usainak banatu eta zaporeak deskribatzen. Nik hiru botila erosi nituen; botilla bat Lezaun reserva 2002 eta bi botilla Lezaun Gazaga 2005. Ea zenbat irauten didaten.

Mahaira eseri orduko 15:30ak pasa ziren, eta gure begien tamaina erdira jeitsita zegoen. Jantokia ez da oso handia (100 pertsona juxtu-juxtu sartuko dira), baina bai ordea polita eta goxoa, eskaini ziguten janariaren pare. Arratsaldeko 19:00etan edo amaitu genuen bazkaria, etxean egindako orujoarekin (barruan nituen birus guztiak akabatu zituena, bide batez).

Tokia mundiala, “jenerua” ezin hobea, eta tratua chapeau! Dudarik gabe bueltatzeko toki bat.



Elkar ezautuz: Diskorik kutreena
Urria 4, 2007, 4:37 pm
Filed under: elkar ezautuz

Atal berri bat irekitzea pentsatu dut. Hemendik aurrera, noizean behin burura etortzen zaizkidan galdera xelebreak botako dizkizuet, nire mixerietaz gain besteenak ere badaudela ziurtatu eta era honetan kontzientzia lasaitzeko.

Hona hemen lehena:

Zein da daukazuen (edo inoiz izan duzuen) musikarik kutreena? Lotsatzeko moduko hori, bai.

Arrazoitu erantzuna.

glennmediros1.JPG Nirea Glenn Medeiros “kantariaren” izen bereko diskoa (1987). Argi dago garai horretan nire irizpide musikalak gorroto ninduela. Kontuan hartu zirkunstantzia aringarri gisa hormonen agindupean nengoen nerabea nintzela. En fin…



Tekno-friki, Tekno-yonki
Urria 3, 2007, 1:36 pm
Filed under: ordenadorian munduba

114.gif

Ni guztiz identifikatuta sentitzen naiz. Lehenengo posta elektronikoko mezuak begiratu (viagra eta zakil luzapeneko zabor-mezuak ezabatzea, batez ere), gero Alesti RSS irakurlea saltseatu (joe, zenbatetan harpidetu naiz?), ondoren lagunen Flickerreko argazkiei kritika egin (goitizenekin, noski), bigarren eta hirugarren posta elektronikoak errepasatu (bai, izen abizen faltsuak erabiltzen dituzun horiek)… Tristea da baina tekno-friki (tekno-yonki?) bat bihurtu naizela onartu beharra dut.

Komikiaren egilea Mauro Entrialgo gasteizatarra da eta hainbat tokitan lan egin du. Dagoeneko bada urte bat Interneteo y aparatuquis bloga jarraitzen dudala, eta benetan puntazoak ditu.