Horrela gustatzen zaizkit galletak esnetan bustitzea. Elkarrizketagai hauxe izan dugu gaur lantokian (benetan interesgarria), eta bakoitzak bere teknika azaldu dugu.
Nire kasuan gutiziz aukeratzen ditut bi “biktimak” (galleta maria edo antzekoak, normalean), batera zatitzen ditut erditik (krak) eta berriro krak egiten diet. Zortzi zati berdintsu doaz kikararen gainazalera, hirinezko iceberg txikien pare. Kolakaoaren esentzia guztia xurgatzera behartu ondoren eta desegiteko zorian daudenean erreskatatzen ditut eta gupidarik gabe ahora eraman.
Umm… ez da ordu txarra salbamendu ekintza bat egiteko.
Pentsatu nahi ez duena fanatikoa da; pentsatu ezin duena ergela da; pentsatzera ausartzen ez dena koldarra da (Francis Bacon).
Ohitura animaliak omen gara. Egi galanta.
Bi astetik behin supermerkatura joaten gara erosketa “handiak” egitera. Kotxea sarreraren aldemenean utzi, gurditxoa hartu eta hor joaten gara zerrenda eskuan, aurrez ohiturak markatutako bideari jarraituz. Ez du hutsik egiten gure rutak: arraindegia- fruta eta berdurak- gozoak-harategia-edariak- latak- izozkiak- yogurrak- garbiketa.
Are gehiago, bidetik ateratzeak aztoratu egiten nau, mala letxean jartzen naizela ez esatearren.

Ibilbidea aldatu behar badut oso era erasokorrean hasten naiz gurditxoa gidatzen; tomate laten aurrean ordu erdi geratuta dagoen emakumearen saskia ia aurretik eramaten dut, eta zer esanik ez gaizki aparkatuta dauden beste gurdiren bat aurrean topatzen badut. Ezin dut ekiditu; 3×2 beherapenetako Schumacherra bihurtzen naiz.
Izan ere, ohiturak ohitura dira.
Filed under: liburuak
Bihar hasten da Azoka. Letra larriarekin idazten dut ez duelako inolako izenlagunik behar. Denok dakigu zein Azokataz ari naizen.
Lan kontuak direla eta hantxe izango naiz larunbatean; estand guztiak kuxkuxeatu, libururen bat erosi (Eider Rodriguezen Haragia, adibidez) hainbat ezagun agurtu, saltzaile lanak egin eta jendetzaren artetik osorik ateratzen saiatuko naiz. Lanak baldintzatuko ez banindu, ordea, ez dakit joango ote nintzen. Urte guztian zehar erosten ditut liburuak eta diskak. Euskarazkoak ere.
Gogoeta interesgarria egiten du gai honen inguruan gaurko BERRIAn Ainara Gorostitzuk.
Gertatzen da. Batzuetan. Parrandara atera eta begi eder batzuekin topatzen zara; begi horiek irrifarre zabalaren gainean aurkitzen dira eta zuri begiratzen dizute.
Baina ahaztu egin zaizu telefono zenbakia eskatzea.
