erbinnuriaren aztarnak


Hegal egiten
Otsaila 29, 2008, 5:38 pm
Filed under: musika

hegal-egiten.jpgDenbora asko nengoen mp3an musika berdina nuela. Kanten zerrendari astinaldi bat emateko asmoz pentsatzen aritu nintzen ea zer nahi nuen sartu, eta segituan etorri zitzaidan kapritxoa: Itoizen zuzenekoa, “Eremuko dunen atzetik nabil“.  Beti izan da nire diska kuttunetakoa, baina kasetetik CDra eta gero mp3rako bideko linboan galduta zegoen. Lanerako bidean etorri naiz harribitxi hau entzuten, izugarrizko “subidoiarekin”.

Hegal egiten.



Human behavior
Otsaila 27, 2008, 5:48 pm
Filed under: gaur zer

human-behavior.jpgAtzo gure gizartean gizakien artean existitzen den harreman konplexu bezain kitzikagarria bizitzeko aukera izan nuen berriro: portaleko bilera.

Badakit batzuk hitz hauek entzunda zirrara beldurgarria nabarituko dutela bizkarrezurretik gora. Baina zer esango dizuet ba, niri horrelako egoerek izugarrizko jakinmina pizten didate. La2 kateko Ñu-en amaigabeko ibilbidearen antzera, liluratu egiten nau human behavior-ak (hori eta pixka bat masoka naizela, aitortzen dut).

Oraingo honetan urteko kontuen berri eman behar zen, eta horretaz gain, administradore berria aukeratu behar zen. Kontuekin ez zen inolako arazorik izan (ufa!), baina administrazioaren aldaketaren unean aizkorakadaz puskatu zitekeen tentsioa sortu zen. Bukaezineko minutua pasata, eta Clint Eastwood parregarri geratzeko moduko begirada gurutzada andanaren ondotik, ez nuen beste aukerarik izan; nik hartu dut kargu berria eta lehen egitekoa: portaleko bonbila aldatzea.

Ez, ez errukitu nigatik. Lortu dut lan zikina egingo duen brigada. Nire gain paper kontuak geratzen dira, eta beno, ba ikasteko asmoz nator.

Ez banaiz bueltatzen, ez egin nigarrik.



Astelehena, berriro
Otsaila 18, 2008, 4:00 pm
Filed under: artea, batzuk
astelehena-berriro.jpg

Astelehenak fama txarra du normalean. Santututako asteburuaren ondoren hortxe dator, iratzargailuaren txirrin gorrotagarriarekin, sasi-gosari espresarekin eta errutina grisarekin.

Baina, era berean, astelehena bada dena berriro hasten den eguna… Hasiera bat da, birjaiotze bat“.

Hauxe dio Judas Arrieta artistak (Hondarribia, 1971), Monday erakusketaren izenaren gainean galdetzen diotenean. Eta arrazoirik ez zaiola falta iruditzen zait.

Bere lanak ikusgai daude martxoarn 30era arte Donostiako Arteko galerian.



Yosigoren argazkiak
Otsaila 1, 2008, 4:42 pm
Filed under: argazkiak, batzuk

Gaur arratsaldeko 19:30etan Yosigo argazkilari donostiarraren lehen erakusketa inuguratuko da Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxean. Otsailaren 23ra arte, obrak ikusteko moduan egongo dira ondorengo ordutegi hauetan: astelehenetik ostiralera, 16:00etatik 20:30etara; larunbatetan, berriz, 17:00etatik 21:00etara.

Bere argazkiak ikustea besterik ez dago erakusketara joatea merezi duela jakiteko:

yosigoren-argazkiak.jpg
yosigoren-argazkiak1.jpg