Eta azkenean, hilabete pasatxoren ondoren, Leonor Watling-en ahotsa entzuteko aukera izan genuen atzo. Berarekin batera, taldearen bigarren bizkarrezurra den Alejandro Pelayo (pianoa), Oscar Ybarra tronpetajolea eta beraien izenak gogoratzen ez naizen beste hiru mutil igo ziren (bateria, bajua eta gitarra) Victoria Eugeniako eskenatokira. Hauxe eskaini ziguten menua ordu t’erdi pasatxoan:
Never trust me, Enjoy the ride, Cry, Fast, Pequeño vals, Not without you, Sink down to me, Wrong way, Hold me tight, Arquitecture of lies, Mind the gap, Silence (In this area), I do, Love song, Twisted and sick, Walkin’ in Soho, Once upon a time, Shake the moon, Shiny fish, Vete eta Dance, Dance, Dance.
Ez naiz musika kritikaria eta beraz ez det inolako txapa teknikorik sartuko. Udan euria egin ondoren berriro eguzkia ateratzen deneko argia eta usaina bezalakoa izan zen kontzertua neretzat.
(Argazkia: Unanue DVrentzat)
Horretaz gain, bi apunte hausnarketa modura:
1. Harrituta geratzen naiz musikaz inguratuta egon eta bere aukian zirkinik egin gabe egoten direnekin.
2. Kantaren erritmoa laguntzeko txaloen kontu hori. Zergaitik ez dute 30 segundu baino gehiago irauten?
Filed under: Burutaziyuak
Elkarrekin bizitzen jartzen den bikote batentzat bada une bat beraien etorkizuna urte luzeetan (betirako ez baitago ezer) baldintzatuko duena: telebista erostea. Behin aparailu hau etxean sartuta, bi maitaleen arteko lehen botere neurketa garrantzitsua hasten baita:
Nork hartu mandoaren kontrola? (barkatu “urrutiko aginte” esapidea ez erabiltzea, baina oso zaila egiten zait, benetan).
Galdera inozoa eman dezake oraindik gurasoekin bizi edota bakarrik bizitzen direnentzat, baina gainontzekoei galdetuz gero, “asuntua” ez dela hain barregarria konturatuko zarete. Kasu askotan etxeko bizitzaren erdigune bilakatzen den tresna honen jabetzak eztabaida ugari ez ezik (lau eztabaidatik bat arrazoi honengatik izaten omen da), banaketak ere ekarri dituelako. Gauzak horrela, familia armoniaren aldeko ahalegin bat egin nahi izan dugu eta hona hemen gai arantzatsu honi buruz egiten dugun ekarpena. Izan ere, zer gertatzen da biotako batek bakarrik kontrolatzen duenean mandoa?
Era honetako pertsonak Homo Gollumensis bezala identifikatzen dira. Bikotekide batentzako (A bikotekidea deituko diogu) mandoa bere gorputzaren luzapen bat da. Etxera sartu orduko hartzen du eta ohean sartu arte ez da 10 zentimetroko erradio batetik aldenduko. Hil ala biziko kontua da berarentzat, berak erabakitzen du zer ikusten den eta inoiz beste bikotekideak (B deituko diogu) aparailu ditxosoa ukitzen badu oso normala izan daiteke sukarra izatea, dar-darrean jartzea eta ahotik txistua botatzea kontrola eskuratzeko zure gainera bota aurretik. Telebistako kontrola berea da eta kitto (nire altxoooooooorra).
Badirudi egoera honen aurrean B bikotekideak ezin duela askorik egin, etsipenez hartzea baizik. Bada ez! Gure gomendioa behin erabakia hartu ondoren, irmotasun eta pazientzia handia izan eta egunero mandoa gradualki gordetzea litzateke. Hau da, lehen egunetan ordu erdiz ezkutatuko diogu, hurrengoetan ordu bete e.a. azkenean kontrolik gabe egoteaz ohitzen den arte. Kasu hauetan, B bikotekidearen integritate fisikoa jokoan ez jartzeko, etxetik kanpora joango gara mando eta guzti. Bide hau hartuz gero, prest egon behar dugu A bikotekidearen oihuak, maldizioak, negarrak eta erreguak jasateko, baina denaren gainetik tinko mantendu behar dugu.
Behin mandotik “desengantxatuta” dagoenean, bigarren faseari ekingo diogu: kontrola konpartitzen ikasteari, alegia. Hemen, hainbat ikasgai menperatu beharko ditu alta hartu aurretik, hala nola: “Nire bikotekideak ere badaki botoiak zertarako diren”, “Kate guztiek dituzte eskubide berdinak” edota “Gaur zuk egiten duzu zappinga, maitea”. Behin ezagutza hauek barneratu ahala berriro integratu ahal izango du bikote bizitza orekatu eta osasuntsu batean, ziur izan.
Ikusten duzue; mandoa, kontrola edota agintea partitzeko aukera zuen esku dago, B bikotekide horiek (inoiz baino gehiago). Ez galdu aukera.
Filed under: gaur zer

Gaur bulegoan entzundakoa.
(Lankide bat telefonoa hartuta): “Aizue, ba al duzue oilorik?”
(Entzun gabeko erantzuna beste aldean)
(Lankide berdinak bueltan): “ba jarri hamaika”.
Filed under: bidaiak
Laneko agendak bide ematen badit apirilean aste baterako joango naiz Parisera. Oraindik ez dakit hegazkinez edo trenez joango naizen; ez dakit non egingo dudan lo eta ez dut bertan egingo dudanaren zerrendarik egin. Ikusten duzue zer nolako fundamentua daukaten.
Norbaitek proposamenik badu eskertuko diot…
Astelehena egun ona izan daiteke noizbait guztiok pairatu izan dugun egoera bati heltzeko:
laneko marroiez ari naiz. Nork ez du azken momentuan 50 orriko txosten bat egin behar izan hurrengo eguneko aurkezpenerako? Nor libratu izan da nagusiaren “ideia zoragarria” martxan jartzeko ordu extrak egiteaz? Zeinek ez ditu santu guztiak aitatu bere lankide guztiak oporretan egonda berak kuadratu behar izan dituelako kontuak?
Gai garrantzitsu hau bere sakontasunean ezagutzeko eta batez ere, egoera larri hauetatik defendatzeko, hona hemen Marroiaren Tratatua. Lerro bakar bat ere ez galtzekoa.
