Baztango magiak harrapatuta

BaztanArmarriaEgun osoa aurretik. Helburua: gero eta urrutiago oporretan joan= opor hobeagoak axiomari kontra eginez, Baztango bailara hobeto ezagutzea.

Baztan, Nafarroako udalerririk zabalena da, eta “Nafarroa Hezea” bezala ezagutzen den lurraldean dago. Baztanen herri hauek aurkituko ditugu, hegoaldetik iparraldera: Almandoz, Berroeta, Aniz, Ziga, Oronoz-Mugairi, Arraioz, Irurita, Gartzain, Lekaroz, Elizondo, Elbete, Arizkun, Azpilkueta, Erratzu eta Amaiur. Aspaldi, Baztango herriak Unibertsitate gisa antolatu dira eta ibarrak Udalerri bakarra osatzen du. Armarriari dagokionez (argazkian), Xakea armarrietako irudirik noble eta zaharrenetariko bat da, gerlari ausarta eta lehiatsuei soilik ematen zitzaiena beren ausardia eta adorea saritzeko. Era berean, xakea soldadutzaren deskripzioa eta arte militarraren eredua da, guda-zelaia irudikatzen baitu.

Gure bidaia Amaiurren hasi dugu (259 biztanle). Sarrerako arkua gurutzatu eta garai batean gaztelua zegoen muinora abiatu gara, monolitora, Nafarroako errege-erreginek beren lurraldea berreskuratzeko egin zuten azken borrokaren oroigarria eta egun induskatzen ari direna (Aranzadik ta UEUk).

Bigarren geltokia, Arizkun (668 biztanle). Festa eguna egokitu zaigu, herri bazkaria prestatzen ari baitira frontoian. Guk aurrera jarraitu eta herri dotore hau miatzen jarraitu dugu. Ondoren, bazkari legea herriko ostatuan. Etxeko janaria eta primerako jeneroa; etxekoandrearen “esker mile”ren doinu musikatuak belarriak gozatu dizkigu. Bozate auzora egin dugu gero. Bertan bizi izan ziren Agoteak. Giza-talde hau historikoki baztertua izan da eta hainbat teoria daude beraien jatorriaz. Euskaldunak ere sortzez ez hain garbiak garela gogora arazteko ondo etorri zaigu bisitak. Auzoan bertan ezin geratu Ursua jauretxea ikusi gabe. Leinuetxea, erdi aroko arma-dorrea eta Nafarroako nobleziaren sorterri zaharrenetako bat da. Ikusgarria benetan.

Erratzun ez gara denbora gehiegi geratu (526 biztanle). Hori bai, autoarekin ibiltzeko argi ibili, oso “seinalizazio berezia” du eta. Itzuliko gara, dudarik ez.

Irurita (817 biztanle). Iruritako plazan, laxoan jokatzeko lekua mantentzen da, eta inguruko etxe eta jauregiek herri arkitekturaren adibide garbiak dira. Estilo gotikoa eta barrokoa aurkituko dugu bertan. Erdigunetik, pixka bat aldenduta, Dorrea jauregia dugu. Nafarroako Erresumako hamabi jauregi zaharrenetako bat dugu. Nagusiak “Baztango jaunak” ziren. Alboko eskailerak aipamen berezia merezi du. Baztango Udalak berriki eskuratu du (2001).

Arraiozera (260 biztanle) ideia garbiekin iritsi gara: bertan dauden hiru jauregi ikustea. Horietatik bi ikusteko ohorea izan dugu. Zubiria jauregia, harrizko monumentu ederra eta Jauregizahar, harria eta egurra uztartzen dituena; biak aintzinako leinuetxeak dira eta erdi aroko dorretxeen itxura dute. Dagoeneko, geure buruari galdetzen diogu ea etxetzar hauek esku pribatuetan ote dauden (eta mantenua zenbatekoa izango den), eta herriko etxeentzat dirulaguntzarik edo antzekorik izango ote dituzten, guztiak primeran zainduta daudelako. Txalotzekoa benetan.

Baztandik aterata, Beran (3.480 biztanle. Bortziriak) eman diogu amaiera Nafarroan egin dugu egun pasari.

Egun osoan zehar, izki larriz idazten den Historiaren pisua duen tokian egon garela nabaritu dugu, baina ez gara sentimendu hori elkarri adieraztera ausartu bertan egon garen bitartean.

Eta hala eta guztiz ere, etxean bezala egon gara.

Advertisements



    Utzi erantzun bat

    Fill in your details below or click an icon to log in:

    WordPress.com Logo

    You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

    Twitter picture

    You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

    Facebook photo

    You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

    Google+ photo

    You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

    Connecting to %s



%d bloggers like this: