Archive for the ‘arkitektura’ Category

Gaur egun oporren garaia iristen denean topiko hau errepikatzen da etxe askotan: mendia ala hondartza? Ba laster galdera hau beste honengatik aldatu beharko dugula iruditzen zait: Maitia, lurra ala gainontzeko Eguzki Sistema?

Izan ere, Bartzelonako arkitekturako enpresa batek (Equip Claramunt), Floridako aeronautikako ingeniari batzuekin batera, espazioko hotelaren gelaren prototipoa diseinatu du. Galactic Suite delakoa astronauta eta espazioko turistentzat izango da. Hotelak mahats-mordo itxura du; luzeran 7 metro eta altueran 4 metro. Ez angelurik, ez marra zuzenik eta izugarrizko lehiatearekin: 360 graduko askatasuna. Honelako zerbait:

galactic_suite.jpg

(Argazkia EFE)

Oraindik urte batzuk pasako dira hotel hau martxan ikusi orduko. Ezagutuko al ditugu guk Eroski Bidaietan horrelako eskaintzarik?

“2×1 bidaia ilargira 100.000 eurongatik, oxigenoa dohainik!”

“ezagutu Plutoi planeta nanoa zure gela pribatutik, Oharra: zulo beltzetarako egun pasak %50eko plusa edukiko du”.

“Gizon, aste bete Marteko kasinoan, ezin duzu galdu! %60ko deskontua ur edangarria topatzen duenarentzat”.

“Emakume, topatu ezazu zure barneko nia Venuseko talasoterapian; kleenexak eta bonboiak doan”.

Olentzero, Papá Noel, Santa Claus eta errege magoek jaso dituzten milioika eskutitzetako portzentai handi batean etxebizitza bat ekartzeko eskaera izarra izan denaren informazioa heldu zait (ez galdetu iturria, horretan erostezina naiz eta).

Nahiz eta gure bilobek ordaintzen jarraituko dituzten kredituekin ezkondu, Euriborra nire aitaren tentsioa baino gehiago igotzen jarraitu, eta babes ofizialeko etxebizitza bat tokatzeko aukera Goenkale bukatzekoak bezainbestekoak izan, (ia) gazte denok daukagu enbarkada horretan abiatzeko gogoa (beharra), azken batean, guztiok baitaukagu gure espazioa edukitzeko (alokairuen kontua beste egun batean) eskubidea.

boklok2.jpg

Ba jakin ezazue IKEAk urte batzuk daramatzala aurrefabrikatutako etxeak saltzen Eskandinaviar herrialdeetan, Skanska eraikuntza enpresa suediarrarekin batera. Boklok izena dute. Boklok-ak egurrezko eraikinak dira, teilatu altukoak, beira bikoitzak leihoetan eta IKEAko sukaldeez hornituta. 2007an Erresuma Batuan saltzen hasiko dira, eta ez litzateke harritzekoa laster gure artean ere izatea. Gutxi gora behera, etxe hauek 150.000 euro balioko dute, egileen esanetan, ohiko etxeak baino %20 merkeago.

Beharbada datorren urteko eskutitzean apuntatzeko… Bootxo.

Aspaldi neukan Guggenheim museora sartzeko gogoa. Bere eraikuntza ezinezkoa eta futurista hasiera-hasieratik jarraitzeko aukera izan nuen ikasle garaitan, eta nahiz eta makina aldiz pasa naizen aldamenetik, orain arte ez dut barnera sartzeko tarterik bilatu. Egia esan, barneko arte lanak ikusteko baino eraikina bera gertutik gertura bisitatzeko gogoa izan da bertara bultzatu nauena (A8 astopistaz aurrerago idatziko dut post bat, gaiak benetan ematen du eta).

20061209-1606.jpg

Sarrera 12,50 euro; garestia iruditu zait, are gehiago ez bada sartzen zaren lehenbiziko aldia. Nire kasuan aurrenekoa zenez, ba hori, “behingoagatik…”. Behetik gora txoko guztiak ikusi genituen, ia 3 ordu. Kanpoko negu eguraldiaz gozatzeko aukera ezinhobea. Barrutik ere ikusgarria eraikina, batez ere sarrera edo “hall”a. Kontuz argazki-kamerekin, baina ez arte lanengatik ez, Frank Gehryk eraikineko argazkirik ez ateratzeko klausula bat jarri ta baitu. Berez, ez omen da legala eraikinaren argazkiak ateratzea ez barrutik eta ez kanpotik ere (!).

Artean “amateurra” naizen aldetik zerk eragin zidan zirrara? Alde batetik, bilduma iraunkorreko parte den “Denboraren materia”, Richard Serra eskultore estatubatuarrarena. Eskala handiko 8 pieza hauek ikusgarriak iruditu zaizkit erabilitako materialagatik (altzairua), formengatik (ezinezko elipsiak sortzen ditu) eta ikusleak eskulturetan zehar, parte delako (barrutik ibili zaitezke, galdu, garraisi egin,…).

Bestetik, otsailaren 18ra bitartera ikusgai egongo den %100 Afrika erakusketa zentzumenentzako elikagai ezinhobea iruditu zitzaidan. Erakusketak 25 artista afrikar garaikide hartzen ditu barne, adierazpide anitzekin. Efiaimbelo madagasscarraren hildako dirudunen edo buruzagi espiritualen hilobiak apaintzen dituzten eskultura tradizionalak ederrak iruditu zitzaizkidan (aloaloak). J.D. Okhai Ojeikere argazkilariaren ile orrazkeren irudiak ere arte lan bikoitza dira. Eta Romuald Hazoumé-ren lanak ere ez zaitu hotz uzten, bere mozorro-bidoiei esker.

Hala ere, piezarik kuttunena hauxe:

20061209-1728.jpg

Bootxo

20061018-1200.jpgAspaldian pasa nintzen Usurbilgo hilerriaren aldamenetik eta ordutik, berriz bueltatzeko asmoa nuen. Aspaldi hontan, eraikuntza ezberdinetan egiten diren proiektu arkitektonikoak, herritarron interesa piztu du arlo horretan. Orain dela gutxi, Gehry‘ren Marques de Riscal eraikuntza inauguratu dute, Errioxako bodegek hartu duten bideari jarraituz. Euskal Herria modernizatzen ari ote da? Ni beti izan naiz estetika uniforme baten aldekoa gure herrietan, iparraldeko herri txikietan jarraitzen duten bezala baña azken aldian egin ziren eraikuntzak ikusita, hau eziñezkoa dela konturatu naiz; bakoitzak nahi duena egiten du eta ez dagoela iñungo normarik ematen du estetika aldetik. Beraz, gure estetika herrikoia alde batetara utzi eta orain modernitatea da lekuko gure herrietan, Usurbilgo hilerria kasu hontan.

Eraikuntza hau proiektatu duen arkitektoaren izenik ez dakit (Moneo, Gehry edo besteren batena bazen, aldizkarietan agertuko zen seguraski) eta ze estilo edo moetatako ideia arkitektonikoa denik ere ez dakit. Nik, minimalismoaren barruan sartzen dut edo gehienok esaten dugun bezela, modernoa dela. Bertara gerturatzen nijoan moduan, hilerriko torreak nere atentzioa deitzen du (kubo lauki-luze baten moduan kokatua dago eta iñungo ordenik gabeko leiho mordo batez zulatua dago). Harritzekoa bada ere, torreak ez du iñungo gurutzerik bere tontorrean. Torrearen aldamenetik pasa ondoren, txalet modernoen antzeko eraikuntza bat ikusten da, zementuz eraikia eta kristalez jantziak ditu bi alderdi. Hilerrian paseo txiki bat eman ondoren, bertan dauden banku luzeetan esertzen naiz eta inguruan dudan guztia ikusirik, ez nuke esango hilerri batean nagoenik (hiladakoen gañean dauden harriegatik ez balitz), gustora egoten da bertan.

20061018-1152.jpg
Hilerritik noanean, kotxe batetik bi mutil atera dira eta hilerri barruan sartu ondoren, banku luzeetan eseri dira. Ez naiz ni bakarra konturatua, bertako giro eta ikuskizun lasaiaz. ::.: