Archive for the ‘artea’ Category

Astelehena, berriro

astelehena-berriro.jpg

Astelehenak fama txarra du normalean. Santututako asteburuaren ondoren hortxe dator, iratzargailuaren txirrin gorrotagarriarekin, sasi-gosari espresarekin eta errutina grisarekin.

Baina, era berean, astelehena bada dena berriro hasten den eguna… Hasiera bat da, birjaiotze bat“.

Hauxe dio Judas Arrieta artistak (Hondarribia, 1971), Monday erakusketaren izenaren gainean galdetzen diotenean. Eta arrazoirik ez zaiola falta iruditzen zait.

Bere lanak ikusgai daude martxoarn 30era arte Donostiako Arteko galerian.

Kristalezko lana

ritsue0.jpgEz naiz ikusten ez den jardunaz, Ritsue Mishima-ren lanaz baizik. Izan ere, berak kristalarekin lan egiten du, eta atentzioa deitu didate bere lan hauskor bezain ederrek.

Ritsue japoniarra da sortzez (1962) baina Veneziara joan zenetik ez da Italiatik mugitu, Muranon bizi da egun, eta bertan jaio zen beirarekin duen maitasun istorioa. Kristala hotza izan behar duela ematen du, baina bere arte-lanak ikusita, material honek goxotasuna islatu dezakeela argi geratzen da. Maisu beiragileen laguntzaz, Ritsuek gero eta gehiago gozatzen omen du, izan ere, hasieran lanaren prozesu guztia berak ez kontrolatzeak urduri jartzen bazuen ere, orain horrek ez du kezkatzen. Bestetik, bere lanetan kasualitateak ere pisu garrantzitsua duela dio, hau da, bukaera arte ez daki pieza nola geratuko den zehazki, eta horrek majikotasuna ematen dio lan osoari. Prozesuaren amaieran arte-lanak eskuz pulitzen dira.

ritsue1.jpg

Oteizaren Altzuzan

Inauterietatik ihes eginez iritsi ginen larunbatean Altzuzara (Nafarroa), Oteizaren museoa ezagutzera. Ordu erdi baino gehiago lekua topatu ezinik ibili ondoren (agur bat hemendik Atarrabiko jubilatu guztiei gure nora eza areagotzeagatik), azkenean eraikina ikusi genuen. Gustatu zitzaidan, kanpotik zein barrutik.

eraikina-oteiza.jpg Sarrerako 4 euroak ordaindu ondoren abiatu ginen hiru solairutan zehar banatuta dauden lanak ikustera. Ordu batak ziren eta museoan 8 bat pertsona egongo ginen; lasai egoteko aukera paregabea (eta bertan lan egiten dutenentzat aspergarria), eta gainera argazkiak ateratzeko aukera dago, flasharik erabiltzen ez baduzu.

Lehenengo eta bigarren solairuan erakusketa finkoa aurkitzen da. Bertan, 1935etik 2003ra bitarteko bere hainbat obra ikus daitezke. Beheko solairuan, berriz, bere Paper laborategia ikusteko aukera dago apirilaren 8ra bitartean. Bertan, lehen aldiz ikusi daiteke Oteizaren marrazki kopuru adierazgarri bat, horietatik asko sekula garatu ez zituen ideiak biltzen ditu.

oteiza.jpg

Museotik aterata eta sarrera berdinarekin Oteizaren tailerra ikusteko aukera dago. Bertan aurkitzen da bere bulegoa, eta egia esan bertan zaudela badirudi edozein unetan bertan agertuko zaizula.

Bisitan pasatako bi orduetan are argiago geratzen zait zer nolako pentsamendu garatua eta niretzat irits ezina duten artista handiek. Bisita gidatu bat eskertuko nukeen (laguntzatxo bat, Borthuzai!). Hala ere, nahiz eta ez ulertu, hainbat lan asko gustatu zitzaizkidan, honakoa kasu.

Amaitzeko, txaskarrillo moduan esan museoan geunden zortzi pertsonetatik bat Patxi Gallego zela, hau da, Xabineitor-en aita! Gutxi falta izan zen gruppie bat bezala bere gainera salto egiteko. Baina azkenean arrazoia nagusitu zen eta ez nion esan zenbat gustatu zitzaidan bere bigarren liburua (begiratu hau).

Horren ordez Iruñeko parte zaharrera joan ginen.

Irudi gotikoen lilura

Pasa den urrian Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XVII. Astean ikusteko aukera izan nuen Jack Mircala-ren erakusketa eta ezusteko ederra izan zen benetan. Orain Bilboko Parte Zaharreko Serie B dendan (Loteria 2) daude ikusgai marrazkilari madrildarraren maketa eta marrazkiak.

mircala-0001.jpg

Mircala diseinu industralean eta barne diseinuan hasi zen lanean, baina azkenean bere zaletasuna gailendu eta marrazkilaritzaren bideari heldu zion. Marrazkiak (“El acertijo de Vapul”, “Ciudad Monstrualia” eta “Gamusiodes mircalianos”), eskulturak, eszenografiak eta argazkilaritzak hartzen dute bere lan eremua eta literatura gotikoaren, terrorezko zinemaren eta margolaritza expresionistaren eraginak atzematen zaizkio. Bere irudiak ikustean segituan datorkigu burura Tim Burton; Mircalaren esanetan, bere “aita espirituala”.

Irudi koloretsu eta hipnotikoak; fantasiazko mundu liluragarri bat sortzen dutenak. Bootxo.

mircala-0002.jpg

Aspaldi neukan Guggenheim museora sartzeko gogoa. Bere eraikuntza ezinezkoa eta futurista hasiera-hasieratik jarraitzeko aukera izan nuen ikasle garaitan, eta nahiz eta makina aldiz pasa naizen aldamenetik, orain arte ez dut barnera sartzeko tarterik bilatu. Egia esan, barneko arte lanak ikusteko baino eraikina bera gertutik gertura bisitatzeko gogoa izan da bertara bultzatu nauena (A8 astopistaz aurrerago idatziko dut post bat, gaiak benetan ematen du eta).

20061209-1606.jpg

Sarrera 12,50 euro; garestia iruditu zait, are gehiago ez bada sartzen zaren lehenbiziko aldia. Nire kasuan aurrenekoa zenez, ba hori, “behingoagatik…”. Behetik gora txoko guztiak ikusi genituen, ia 3 ordu. Kanpoko negu eguraldiaz gozatzeko aukera ezinhobea. Barrutik ere ikusgarria eraikina, batez ere sarrera edo “hall”a. Kontuz argazki-kamerekin, baina ez arte lanengatik ez, Frank Gehryk eraikineko argazkirik ez ateratzeko klausula bat jarri ta baitu. Berez, ez omen da legala eraikinaren argazkiak ateratzea ez barrutik eta ez kanpotik ere (!).

Artean “amateurra” naizen aldetik zerk eragin zidan zirrara? Alde batetik, bilduma iraunkorreko parte den “Denboraren materia”, Richard Serra eskultore estatubatuarrarena. Eskala handiko 8 pieza hauek ikusgarriak iruditu zaizkit erabilitako materialagatik (altzairua), formengatik (ezinezko elipsiak sortzen ditu) eta ikusleak eskulturetan zehar, parte delako (barrutik ibili zaitezke, galdu, garraisi egin,…).

Bestetik, otsailaren 18ra bitartera ikusgai egongo den %100 Afrika erakusketa zentzumenentzako elikagai ezinhobea iruditu zitzaidan. Erakusketak 25 artista afrikar garaikide hartzen ditu barne, adierazpide anitzekin. Efiaimbelo madagasscarraren hildako dirudunen edo buruzagi espiritualen hilobiak apaintzen dituzten eskultura tradizionalak ederrak iruditu zitzaizkidan (aloaloak). J.D. Okhai Ojeikere argazkilariaren ile orrazkeren irudiak ere arte lan bikoitza dira. Eta Romuald Hazoumé-ren lanak ere ez zaitu hotz uzten, bere mozorro-bidoiei esker.

Hala ere, piezarik kuttunena hauxe:

20061209-1728.jpg

Bootxo

Zenbat aldiz uzten ditugu beste batean ikusteko edo bisitazteko gertuan ditugun lekuak? Orixe pasatzen zitzaigun Chillida-Leku parkearekin; bai parkea… museo bezela dagoen hau, nahiago dut parkea deitu. Ez dut esan nahi museoa ez denik, kontrakoa! Museo ederra egin dute Chillidaren omenez, baña bertara joatean, parke eder batean zauden sensazioa daukazu; bidexka politak, bankuak esertzeko, zuhaitzak, baserri eder bat erdian eta Chillidaren obrak non nahi.

Chillida berak desio zuela diote horrelako leku bat; bere obrak ikusgai izateko espazio finko bat. Espazio hori bi zatitan banatzen da: bata parkea edo zelaia (zuhaitzak, lorategi, eserlekuak, bidexkak, formatu handiko obra, …) eta bestea berriz Zabalaga baserria (formatu txikiagoko obrak). Ikuspegi berezia merezi du baserriak; bertan dauden obretatik aparte, baserria bera harriz eta egurrez egiñiko obra ederra da. Espazio handi bat bezala landu dute baserria, pareta gutxi jarriaz barne aldea zatikatzeko.

20061029-1537-ea.jpg
Igande goiz batean (ahal badezue astegun bat) jeikitzean eta alperkeriak arrapatu zaituztela? Ez dakizuela denbora nola pasa? Guk parke hau bisitatzea gomendatzen dizuegu, 8€ ordaindu eta gero, momentu eder bat pasatzeko aukera izango dezue eta kamara eramanez, argazki ‘batzuk’ ateratzeko aukera ona izango dezue.