Archive for the ‘bidaiak’ Category

Añana, gatzaren harana

Beste egun pasa eder bat egiteko aukera izan dugu; Araba aldetik oraingoan.

Ibilbidea urrutien geratzen zitzaigun tokitik hasi genuen: Valderejoko Parke Naturalaren barnean aurkitzen den Lalastra herritxoan.

Inguru zoragarri honetan Puron ibaiaren haitzartetik paseotxoa ematea lujua da. Hurrengo geldialdia Villañane herrian egin genuen, izan ere Varonatarren dorrea ikustea ezinbesteko betekizuna da hemen, eraikinaren edertasunagatik eta baita bere izena ematen dion kondairagatik ere.

Tuesta herritxotik ere pasa gara, bertako eliza erromanikoak horretarako aitzakia ederra eskaintzen baitu.

Gure txangoaren azken geldialdia Gatzagan egin genuen. Bertako gatzategiak aspaldi erakartzen gintuen eta ezin aukera galdu. Atentzioa deitu zigun haranaren erdian halako piszina bat ikusteak; bertan, adineko hainbat emakume zegoen hankak frexkatzen. Sarrera nondik zen ez jakin eta atetxo batetik egin dugu aurrera. Segituan arduradun bat hurbildu zaigu esanez ate hori herrikoentzat dela bakarrik eta ea ibilbidea egiteko asmorik bagenuen. Guk printzipioz ezetz, berandu zela eta. Orduan, eta salbuespen moduan piszina horretarako sarrera utzi digu; hobe esanda, pedilubiora. Izenak dioen bezala, hankentzako bainua da, eta urak dakarren gatz kopuruagatik (litroko 300 gr! Hildako itsasoaren adina) osasunarentzat onura asko omen ditu. Primeran egon gara bertan turista mordo bat etorri den arte. Gesaltzako herritarrek izugarrizko maitasuna diote beren ondasunari eta hori dela eta beraien borondatez txandak egiten dituzte turistei haran honen berri emateko. Hau da, gatzaren historia kontatzeko. Gure aldetik gizon horri eskerrak eman dizkiogu, pedilubioak mirariak egin baititu gure hanketan.

Iparraldetik tourra

Egun pasak egitea gero eta gustokoa dut. Leitzatik abiatu, Malerrekatik pasa, Baztanetik ondoren, Izpegi mendate zoragarriko bistekin gozatu, Baigorrira jeitsi, Irulegiko mahastiak ikusi, Donibane Garazi turistikoaz gozatu, Zuberora pasa Muskilditik, bertako Doneztebetik igaro eta Ozaze-Züharan amaitu dugu joaneko bidea.

Buelta Donibane Garazitik berriro, Bidarraitik gora, Itsasu ondoren, Ezpeletatik bueltan, Senpereko lakuaren aldamenetik Ezpeletara, Azkainetik iparraldera Donibane Lohitzunera eta hemendik autopista hartuta etxera.

Udako plan ezinhobea.

Zühara herritxoak (Iparraldeko hainbat txokok bezala), Grimm anaien ipuinetatik ateratakoa dirudi.

Kuento txinuak

Txina modan dago. Datorren astean hasi behar duten joko olinpikoek herrialde honenganako interesa (dagoeneko gure inguruan txikia ez zena) areagotu egin du. Hilabete honetako National Geographic aldizkaria adibidez, oso-osorik Txinari buruzkoa da. Atentzioa eman didaten hainbat datu ekartzen ditut hona, kuriositate moduan:

  1. Ume bakarra izatearen politikak 90 milioi seme-alaba bakarreko belaunaldia sortu du.
  2. 100 nesketatik 119 mutil jaiotzen dira.
  3. 2020. urte ingururako ezkongabeko gizonezkoen kopurua 30 milioitakoa izango dela aurreikusten da (“hostorik gabeko adarrak” deitzen dira).
  4. Inkestatutako emakumeen %45a ez daude prest ezkontzeagatik bere lana uzteko.
  5. Hamar familietatik hirutan aiton-amonak beraiekin bizi dira.
  6. Beijing-en familia bakoitzak txakur bakarra eduki dezake, eta ezin dira 35 zentimetro baino altuagoak izan.
  7. Txinak munduko Internet erabiltzaile kopuru altuena du: 220 milioi pertsona.
  8. Agintariek herri kulturako 171 esaldi berri gehitu dituzte hizkuntzaren erregistro nazionalera.
  9. Hamasei urtetik gorako txinatarren %31ak bere burua sinistun bezala kontsideratzen du, duela hamarkada bat baino lau aldiz gehiago.
  10. 2000. urtean 87 milioi mugikor zeuden Txinan, gaur egun, 432 milioi.
  11. Txinatarren %32ak Internetek bere bizitza sexualaren aukerak zabaltzen dituela uste du; AEBtan kopuru hori %11koa da.

Uda garaian behin baino gehiagotan pena ematen digu garai batean hartu genituen ingelesezko klase haietan nahikoa arreta jarri ez izana. Hori dela eta, Irlandara joan aurretik zure ingeles lotsagarria zerbait ulergarrian bilakatu nahi baduzu, eman bueltatxo bat Italki web gunetik.

Hizkuntzak trukatzeko eta ikasteko gune soziala da, eta bertan hainbat baliabide topatu ditzakezu hainbat mintzaira ikasteko (arabiarra, txinatarra, frantsesa, gaelikoa, latina…): hizkuntza-kideak (praktikan jartzeko), kontsulta gunea, wikiak, artxibo trukaketa, baliabideak…

Parisera joan nintzen…

parisera-joan-nintzen.jpgLaneko agendak bide ematen badit apirilean aste baterako joango naiz Parisera. Oraindik ez dakit hegazkinez edo trenez joango naizen; ez dakit non egingo dudan lo eta ez dut bertan egingo dudanaren zerrendarik egin. Ikusten duzue zer nolako fundamentua daukaten.

Norbaitek proposamenik badu eskertuko diot…

Gorria baino beltza gehiago dastatu nuen pasa den larunbatean lagun batzuekin egindako bazkarian. Lehenik pote pare bat Lizarran hartu eta ondoren Lakar herrian kokatuta dagoen Lezaun ardotegira joan ginen otordua egitera.

fot_04_01.jpgLezaundarren patriarkak egin zigun harrera eta guztiz liluratu gintuen bere etorriak; XVII. mendeko dokumentu batzuetan dagoeneko agertzen omen dira edaten ari ginen kupel horien aipamena, mahatsak egiten duen ibilbide guztia, Nafarroako ardoaren merkatua, produkzioa… Pazientzia ederra eduki zuen gurekin!

Ondoren, ardo dastaketa egiteko aukera izan genuen Edorta semearekin. Hau gozatua! Urtekoa, kriantza eta reservaz gain, dagoeneko pasatu xamar zegoen ardoa ere probatu genuen, desberdintasuna nabaritzeko. Hortxe ibili ginen, koloreak desberdindu, usainak banatu eta zaporeak deskribatzen. Nik hiru botila erosi nituen; botilla bat Lezaun reserva 2002 eta bi botilla Lezaun Gazaga 2005. Ea zenbat irauten didaten.

Mahaira eseri orduko 15:30ak pasa ziren, eta gure begien tamaina erdira jeitsita zegoen. Jantokia ez da oso handia (100 pertsona juxtu-juxtu sartuko dira), baina bai ordea polita eta goxoa, eskaini ziguten janariaren pare. Arratsaldeko 19:00etan edo amaitu genuen bazkaria, etxean egindako orujoarekin (barruan nituen birus guztiak akabatu zituena, bide batez).

Tokia mundiala, “jenerua” ezin hobea, eta tratua chapeau! Dudarik gabe bueltatzeko toki bat.

Maitatzeko adina

“Ez dago adinik maitasunarentzat!”; hori da behintzat askotan esaten dena/duguna. Bada esaldi hori ez da guztiz zuzena.

Hona hemen hainbat herrialdeetan erlazio sexualak edukitzeko legezko baimenaren adina:

edades1.jpg

Hausnarketa batzuk honen inguruan:

1. Ados, maiatzeak eta sexuak ez dute batera joan behar, baina postari titulu erakargarria jarri nahi nion…

2. Espainian 13? Ez naiz harritzen “Al salir de Clase”k eta antzeko programek duten arrakasta. Berdinduta Burkina Faso, Corea Eta Guayanarekin eta soilik urte betera Chile eta Mexicotik, ia ia lehen postua, lastima!

3. Beste puntan Madagascar eta Tunez. Hori ere ez da, joe… ke aguafiestas.

4. Bidaiatzea gustuko baduzu (eta ia guztioi gustatzen zaigu), argi ibili “ligeekin”. Ordainduak direnak zein ez direnekin, alegia.

5. Ez nuen espero hori Jamaicatik. Porrotxoak eta Bob Marley buen rollito, baina gero eliza baino puritanoagoak. Bertan behera utziko dut uda honetan bertara egitea pentsatzen nuen bidaia, hala!

6. Zuen txanda.

Zenbat aldiz uzten ditugu beste batean ikusteko edo bisitazteko gertuan ditugun lekuak? Orixe pasatzen zitzaigun Chillida-Leku parkearekin; bai parkea… museo bezela dagoen hau, nahiago dut parkea deitu. Ez dut esan nahi museoa ez denik, kontrakoa! Museo ederra egin dute Chillidaren omenez, baña bertara joatean, parke eder batean zauden sensazioa daukazu; bidexka politak, bankuak esertzeko, zuhaitzak, baserri eder bat erdian eta Chillidaren obrak non nahi.

Chillida berak desio zuela diote horrelako leku bat; bere obrak ikusgai izateko espazio finko bat. Espazio hori bi zatitan banatzen da: bata parkea edo zelaia (zuhaitzak, lorategi, eserlekuak, bidexkak, formatu handiko obra, …) eta bestea berriz Zabalaga baserria (formatu txikiagoko obrak). Ikuspegi berezia merezi du baserriak; bertan dauden obretatik aparte, baserria bera harriz eta egurrez egiñiko obra ederra da. Espazio handi bat bezala landu dute baserria, pareta gutxi jarriaz barne aldea zatikatzeko.

20061029-1537-ea.jpg
Igande goiz batean (ahal badezue astegun bat) jeikitzean eta alperkeriak arrapatu zaituztela? Ez dakizuela denbora nola pasa? Guk parke hau bisitatzea gomendatzen dizuegu, 8€ ordaindu eta gero, momentu eder bat pasatzeko aukera izango dezue eta kamara eramanez, argazki ‘batzuk’ ateratzeko aukera ona izango dezue.

Ardoz bustitako lurra

Arabar ErrioxaOpor giroa ihes egiten ari den honetan, arabar errioxan egin dugu egun pasa. Bertan mahastiek hartzen dute zeruertzaren ikuspegi ia osoa; lurraren nabarrak, mahats hostoen berdeak eta zeruaren urdinak izugarrizko ikuspegia eskaintzen digute.

Buradon Gatzagan (Salinillas de Buradon) eman diogu hasiera gure ibilbideari. Izena aintzinean zituen gatzagatetatik datorkio herri txiki honi (55 biztanle ditu). Bere osotasunean inguratzen duen harresi bat dauka. Uda honetan anbarra (erretxina fosilizatua) bertan eta Montoria herrian topatu dituzte; 120 eta 112 milioi urte bitarteko antzinatasuna duten anbar zatiak ez daude beste inon (Berria).

Hurrengo geltokia Bastidan egin dugu. Nafarroako erresumaren gaztelu batean du jatorria, goi erdi aroan. Kale nagusiaren ertzetan kokaturiko beste eraikin batzuek, jauregi zein jauretxe, puntako arkitekturakoek, blasoidunek, hiriaren garrantziaren berri ematen dute. Parrokia ikusgarria hiriaren erdigunean kokatzen da, XVII. mendekoa. Hiriaren goi partean Kristo santuaren ermita erromanikoa dago, eta bertatik bailara osoaren ikuspegi ezinhobea ikus daiteke.

Biasteriko bidean goazela San Vicente de la Sonsierra herriak erakarri gaitu (Errioxa). Herri hau harresi handi batez inguratuta dago (barbacana) zeinak erdi aroko gaztelua babesten duen. Bertatik Ebro ibaia ederki ikus daiteke, eta baita ere XIII. mendeko zubi ikusgarria ere. Ostegun eta Ostiral Santuan, “Los Picaos”-ak ateratzen dira; Vera Cruz-eko kofradeak, penitente anonimo hauek erruak hari mataza gordinekin beraien bizkarra zigortuz kitatatzen dituzte.

Biasteri (Laguardia). Nafarroako erresumaren defentsarako sortu zen X. mendean. Erdi aroko trazaketa urbanoa dauka oraindik ere, lilura berezia ematen dioten harresiez inguratuta. Kale estuetan barna galtzea merezi du, izan ere, edozein unetan erdi aroan zaudela iruditzen baitzaizu. Etxe bakoitzak azpian upeltegia du; ardoa herri honen patuarekin guztiz lotuta dagoenaren beste seinale bat. Herri zoragarria benetan.

Egun pasa honetako gure helburuetako bat bertako bi upeltegiren eraikinak gertutik ikustea izan da. Lehenik Eltziegora hurbildu gara, Frank Gerhy-k Marques de Riscal-entzat egin duen eraikin ikusgarria gertutik ikusteko. Ahal dugun bezainbeste hurbildu gara eraikinera (Guggenheim museoaz ez gogoratzea ezinezkoa da), baina zainpeko guardiek ez digute sartzen utzi (dirua eskainita ere ez, lastima). Kasualitatea, hurrengo egunean inauguratzen dute txiringito guztia, eta gure poltsikoentzat iritsiezinezkoak diren kotxeak eta jendearen aurrera-atzeak ikusteko aukera izan dugu muino batetara igota; paparazzi merkeen modura.

Beste arkitektura modu baten txanda: La chabola de la hechicera trikuharria, Bilar-en (Elvillar). 1936an topatu eta 1974ean zaharberritu zuten. 9 harrik osatzen dute trikuharria, korridore eta guzti. Barnean kristo aurreko 3 mila urteko aztarnak topatu zituzten. Ez da inguruko trikuharri bakarra, baina bai Euskal Herriko garrantzitsuenetako bat. Inor ez da egon gu iritsitakoan. Segituan konturatzen zara gure arbasoek toki hura zerbaitengatik aukeratu zutela; badu horrelako zerbait, ezin azaldu daitekeena, baina dudarik gabe, sentitzen dena.

Eta hemendik Ysios ardotegietara. Eguna amaitu ahala, arabar errioxa lurralde guztiz aberatsa dela konturatzen gara. Ikusi besterik ez dago ardotegien jabeek beraien eraikuntzetan egiten ari dituzten berrikuntzak (punta puntako arkitektoak, apustu handia goi mailako zerbitzuen sektorean ), mahasti oparoak, ebro ibaia, izki handiz idazten den historia,…

Euskal Herri nabarrak, ardoa darabil zainetan.

Baztango magiak harrapatuta

BaztanArmarriaEgun osoa aurretik. Helburua: gero eta urrutiago oporretan joan= opor hobeagoak axiomari kontra eginez, Baztango bailara hobeto ezagutzea.

Baztan, Nafarroako udalerririk zabalena da, eta “Nafarroa Hezea” bezala ezagutzen den lurraldean dago. Baztanen herri hauek aurkituko ditugu, hegoaldetik iparraldera: Almandoz, Berroeta, Aniz, Ziga, Oronoz-Mugairi, Arraioz, Irurita, Gartzain, Lekaroz, Elizondo, Elbete, Arizkun, Azpilkueta, Erratzu eta Amaiur. Aspaldi, Baztango herriak Unibertsitate gisa antolatu dira eta ibarrak Udalerri bakarra osatzen du. Armarriari dagokionez (argazkian), Xakea armarrietako irudirik noble eta zaharrenetariko bat da, gerlari ausarta eta lehiatsuei soilik ematen zitzaiena beren ausardia eta adorea saritzeko. Era berean, xakea soldadutzaren deskripzioa eta arte militarraren eredua da, guda-zelaia irudikatzen baitu.

Gure bidaia Amaiurren hasi dugu (259 biztanle). Sarrerako arkua gurutzatu eta garai batean gaztelua zegoen muinora abiatu gara, monolitora, Nafarroako errege-erreginek beren lurraldea berreskuratzeko egin zuten azken borrokaren oroigarria eta egun induskatzen ari direna (Aranzadik ta UEUk).

Bigarren geltokia, Arizkun (668 biztanle). Festa eguna egokitu zaigu, herri bazkaria prestatzen ari baitira frontoian. Guk aurrera jarraitu eta herri dotore hau miatzen jarraitu dugu. Ondoren, bazkari legea herriko ostatuan. Etxeko janaria eta primerako jeneroa; etxekoandrearen “esker mile”ren doinu musikatuak belarriak gozatu dizkigu. Bozate auzora egin dugu gero. Bertan bizi izan ziren Agoteak. Giza-talde hau historikoki baztertua izan da eta hainbat teoria daude beraien jatorriaz. Euskaldunak ere sortzez ez hain garbiak garela gogora arazteko ondo etorri zaigu bisitak. Auzoan bertan ezin geratu Ursua jauretxea ikusi gabe. Leinuetxea, erdi aroko arma-dorrea eta Nafarroako nobleziaren sorterri zaharrenetako bat da. Ikusgarria benetan.

Erratzun ez gara denbora gehiegi geratu (526 biztanle). Hori bai, autoarekin ibiltzeko argi ibili, oso “seinalizazio berezia” du eta. Itzuliko gara, dudarik ez.

Irurita (817 biztanle). Iruritako plazan, laxoan jokatzeko lekua mantentzen da, eta inguruko etxe eta jauregiek herri arkitekturaren adibide garbiak dira. Estilo gotikoa eta barrokoa aurkituko dugu bertan. Erdigunetik, pixka bat aldenduta, Dorrea jauregia dugu. Nafarroako Erresumako hamabi jauregi zaharrenetako bat dugu. Nagusiak “Baztango jaunak” ziren. Alboko eskailerak aipamen berezia merezi du. Baztango Udalak berriki eskuratu du (2001).

Arraiozera (260 biztanle) ideia garbiekin iritsi gara: bertan dauden hiru jauregi ikustea. Horietatik bi ikusteko ohorea izan dugu. Zubiria jauregia, harrizko monumentu ederra eta Jauregizahar, harria eta egurra uztartzen dituena; biak aintzinako leinuetxeak dira eta erdi aroko dorretxeen itxura dute. Dagoeneko, geure buruari galdetzen diogu ea etxetzar hauek esku pribatuetan ote dauden (eta mantenua zenbatekoa izango den), eta herriko etxeentzat dirulaguntzarik edo antzekorik izango ote dituzten, guztiak primeran zainduta daudelako. Txalotzekoa benetan.

Baztandik aterata, Beran (3.480 biztanle. Bortziriak) eman diogu amaiera Nafarroan egin dugu egun pasari.

Egun osoan zehar, izki larriz idazten den Historiaren pisua duen tokian egon garela nabaritu dugu, baina ez gara sentimendu hori elkarri adieraztera ausartu bertan egon garen bitartean.

Eta hala eta guztiz ere, etxean bezala egon gara.