Archive for the ‘Burutaziyuak’ Category

Genixkiñan

Nire amak izeba Pilarri deitzen dionean, belarria adi-adi jartzen det, horrelako gauzak entzuten ditudalako:

    • Aizan Pilar, noiz jun bihar diñau hortik euna pasatzea?
    • Lehengo igandian Zarautza jun giñunen Joxe ta biyok. Makiña denda ikusi geñixkiñan: Jesus! Han bazionen denetik!
    • Bazkaldu’re earki in giñin; plater earrak atea xixkiunen.

Inbiriya. Horixe da sentitzen dudana bi ahizpak hizketan entzuten ditudanean. Konplizitatea, gertutasuna, konfidantza eta goxotasuna nabaritzen ditut “xixkiunen” eta “genixkiñan” horien atzean. Tamalez, nik ez nuen noka ikasteko aukerarik izan. “Aizan”-etik aurrera galdu egiten naiz. Ez zidaten egin. Eta ni baino gazteagoei ere berdintsu. Egongo da etxeren bat edo beste mantendu dena, baina orokorrean nire kinta eta ondorengoak “zuka” hazi gara. Mutiletan, berriz, Usurbilen behintzat hika sasoi ederrean dagoela nabaria da. Ni baino 20 urte gazteagoak diren ilobek txiki-txikitatik erabiltzen dute, eta kaxkoan buelta bat emanez gero, mutilkoxkor ia denak beraien artean hika egiten dutela nabaria da. Eta zer nolako gozamena ematen duen horrek. Ez dakit ba, jatortasuna, sanidadea transmititzen dit.

Nesketan ordea ez da berdina gertatzen, eta ez dakit zergatik, izan ere, ni baino urte gutxi batzuk zaharragoak direnei (berrogeialdian sartutakoak) entzuten diet noka lasai ederrean. Nere amonak noka egiten zien amari eta izebari, baina neri berriz, amak ez dit sekula egin. Zer gertatu zen ba tarte horretan tradizio hori eteteko? Zergaitia galdetzen diodanean “eztakit ba” esaten du, eta noka egiteko eskatzen badiot ezinezkoa da, parrez lehertzen hasten da lotsatuta eta “zukin etzait ateatzen”, botatzen dit.

Nik ere alaba daukat, baina noka ezagutzeko amonak izeba Pilarrekin noiz hitz egiten duen zain egon beharko dugu, belarria adi-adi.

Egunerokoa

“-Noiz hasi behar da serioski idazten? (…)

– -Ahal bezain azkar hobeto- erantzun zion irakasleak.

– Ba orduan etxera noa- esan zuen ikasleak, hitzaldi hutsaletan minutu bat gehiago ere galtzeko prest ez zegoen eta”.

(Del Amo, M. Me gusta escribir, 1987, 23)

Anaiak komunioa egin nuenean oparitu zidan lehenengo egunerokoa. Uste dut opari horrek arrakasta handia izan zuela garai horretan, komunioz jantzitako panpina eta argazki albumarekin batera. Azalean bizikleta gainean neska panpoxa agertzen zen eta urre koloreko letretan MI DIARIO jartzen zuen. Giltzarrapo txiki bat ere bazuen, tamaina bereko bi giltzekin, beste inork bertan jasotakoak ez ikusteko. Sekretutasun horrek bultzatuta hasi nintzen bertan idazten.

diarioUrte batez txintxo-txintxo idatzi nituen bertan gertatzen zitzaizkidanak letra txukunarekin. Gutxi gora behera, aldaketak aldaketa, hauxe zen 365 egunetan idatzi nuena: “ikastolara joan naiz eta lagunekin jolastu dut. Gero etxera etorri eta meriendatu ondoren berriro jolastera joan naiz. Afaldu, kafesnea hartu eta lotara”. Artean izugarri gustatu behar zitzaidan kafesnea, egunero-egunero agertzen baitzen nire kroniketan.

Argi dago nire 9 urtetako bizitzak ezin duela Harry Potterrenarekin konpetitu. Gauzak, ordea, interesgarriagoak bihurtu ziren 14-15 urtetik aurrera. Dagoeneko lehen eguneroko hura bukatu nuen eta beste bat erosi nuen, oraingoan giltzarraporik gabe (segurtasun neurri berria egunerokoa toki sekretuan gordetzea zen), eta gero beste bat eta beste bat… Hemendik aurrera eta hogeitapiku urtera arte lagunekiko gorabeherak eta bihotz kontuek hartzen dute orrien tarte osoa, eta benetan ikusgarria da zer nolako sentimenduarekin dauden idatzita lerro horiek. Noizean behin irakurtzen dut eta atzo gertatu izan balira bezala gogoratzen ditut gauzak. Barrea gehienetan eta malkoren bat ere ateratzen zait oraindik.

Eguneroko hori idazteak asko lagundu zidan hainbat urtetan. Nire pozak, penak, kezkak eta dena delakoak bertan plazaratzen nituen, inoren erantzunaren beldur edota lotsarik gabe. Gaur egun egunerokoa ez, baina blogean idazten jarraitzen dut. Hala ere, inoiz ez dut berriro orduan idatzi nituenak baino gauza “autentikoagoak” idatziko.

Harry Potter-en edozein libururekin konpetitzeko moduan.

Joe, hiru hilabete ezer idatzi gabe; honek ezin du jarraitu!

Nola pasatzen den denbora, ezta?

song-chart-memes-dog-sniff

Ahaztezina

Egin ariketa hau. Jarri mahai gainean etxean topatu ditzakegun hainbat gauza. Boligrafoa, sagarra, edalontzia, aldizkari bat, eguzkitako betaurrekoak, mugikorra eta beste zerbait. Begiratu dena patxaraz, eta saiatu buruan gordetzen. Ederki. Orain, ahaztu sagarra dagoela. Itxi begiak. Aukeratu dituzun beste gauza guztiak gogoratu ditzakezu, sagarra ezik. Saiatu. Sagarra ahaztu nahi duzu. Ba hori da hain juxtu egin dezakezun okerrena. Sagarra begien aurrean agertzen zaizu, handi handia. Ezin burutik kendu.

forget

Ba gauza berdina gertatzen da zerbaitek edo norbaitek obsesionatzen gaituenean. Zerbait ahaztu nahi izatea gogorapen horren mendeko izateko biderik zuzenena da. Obsesioa. Hiztegiaren arabera, ideia finko batek sortarazitako gogo-nahasmendua; burura etengabe etortzen den ideia. Ideia bat ezabatzeko aginduak ideia hori berorri piztu egiten du. Onena irudi hori lasai pasatzen uztea litzateke, lainoak zeruan pasatzen diren bezala. Denborak bakarrik dauka ideia hori ezabatu edo lausotzeko boterea.

Gure artean dagoeneko ez dagoen pertsonarena obsesioa bilakatzen zaigu askotan. Behin eta berriro etortzen zaigu berarekin izandako elkarrizketa hura. Esan zeniona. Eta batez ere esan ez zeniona. Hitzek kateatu egiten gaituzte. Damutu egiten zara.  Elkarrizketa birtuala berregiten hasten zara behin eta berriz. Dutxan zauden bitartean. Gidatzen zoazenean. Gurpil zoro horretatik atera nahi zenuke; zamatzen zaituen pisua arindu nahiko zenuke askotan. Bestetan, ahazteak beldurra ematen dizu.

Ardiak zenbatzen

Hona hemen Mafaldaren aitak, Quinok, bizitzaz egiten duen hausnarketa:

“Se debería empezar muriendo y así ese trauma está superado. Luego te despiertas en una residencia mejorando día a día. Después de echan de la residencia porque estás bien y lo primero que haces es cobrar la pensión. Luego en tu primer día de trabajo te regalan un reloj de oro. Trabajas 40 años hasta que seas lo bastante joven como para disfrutar de tu retiro del mundo laboral. Entonces vas de fiesta en fiesta, bebes, practicas el sexo, y te preparas para empezar a estudiar. Luego empiezas el cole, jugando con tus amigos, sin ningún tipo de obligación, hasta que seas bebé. Y los últimos 9 meses te pasas flotando tranquilo, con calefacción central, room service, etc…

Y al final abandonas este mundo en un orgasmo.”

Elkarrekin bizitzen jartzen den bikote batentzat bada une bat beraien etorkizuna urte luzeetan (betirako ez baitago ezer) baldintzatuko duena: telebista erostea. Behin aparailu hau etxean sartuta, bi maitaleen arteko lehen botere neurketa garrantzitsua hasten baita:

aginte-kontrol-eta-mandoak.jpgNork hartu mandoaren kontrola? (barkatu “urrutiko aginte” esapidea ez erabiltzea, baina oso zaila egiten zait, benetan).

Galdera inozoa eman dezake oraindik gurasoekin bizi edota bakarrik bizitzen direnentzat, baina gainontzekoei galdetuz gero, “asuntua” ez dela hain barregarria konturatuko zarete. Kasu askotan etxeko bizitzaren erdigune bilakatzen den tresna honen jabetzak eztabaida ugari ez ezik (lau eztabaidatik bat arrazoi honengatik izaten omen da), banaketak ere ekarri dituelako. Gauzak horrela, familia armoniaren aldeko ahalegin bat egin nahi izan dugu eta hona hemen gai arantzatsu honi buruz egiten dugun ekarpena. Izan ere, zer gertatzen da biotako batek bakarrik kontrolatzen duenean mandoa?

Era honetako pertsonak Homo Gollumensis bezala identifikatzen dira. Bikotekide batentzako (A bikotekidea deituko diogu) mandoa bere gorputzaren luzapen bat da. Etxera sartu orduko hartzen du eta ohean sartu arte ez da 10 zentimetroko erradio batetik aldenduko. Hil ala biziko kontua da berarentzat, berak erabakitzen du zer ikusten den eta inoiz beste bikotekideak (B deituko diogu) aparailu ditxosoa ukitzen badu oso normala izan daiteke sukarra izatea, dar-darrean jartzea eta ahotik txistua botatzea kontrola eskuratzeko zure gainera bota aurretik. Telebistako kontrola berea da eta kitto (nire altxoooooooorra).

Badirudi egoera honen aurrean B bikotekideak ezin duela askorik egin, etsipenez hartzea baizik. Bada ez! Gure gomendioa behin erabakia hartu ondoren, irmotasun eta pazientzia handia izan eta egunero mandoa gradualki gordetzea litzateke. Hau da, lehen egunetan ordu erdiz ezkutatuko diogu, hurrengoetan ordu bete e.a. azkenean kontrolik gabe egoteaz ohitzen den arte. Kasu hauetan, B bikotekidearen integritate fisikoa jokoan ez jartzeko, etxetik kanpora joango gara mando eta guzti. Bide hau hartuz gero, prest egon behar dugu A bikotekidearen oihuak, maldizioak, negarrak eta erreguak jasateko, baina denaren gainetik tinko mantendu behar dugu.

Behin mandotik “desengantxatuta” dagoenean, bigarren faseari ekingo diogu: kontrola konpartitzen ikasteari, alegia. Hemen, hainbat ikasgai menperatu beharko ditu alta hartu aurretik, hala nola: “Nire bikotekideak ere badaki botoiak zertarako diren”, “Kate guztiek dituzte eskubide berdinak” edota “Gaur zuk egiten duzu zappinga, maitea”. Behin ezagutza hauek barneratu ahala berriro integratu ahal izango du bikote bizitza orekatu eta osasuntsu batean, ziur izan.

Ikusten duzue; mandoa, kontrola edota agintea partitzeko aukera zuen esku dago, B bikotekide horiek (inoiz baino gehiago).  Ez galdu aukera.

nora-doaz-galtzen-diren-galtzerdiak.jpgEz da beldurrezko pelikula edota parapsikologiako telebista programarik ikusi behar; edozein etxeetan topatu ditzazkegu misterio handienak. Adibidez: Zergatik biderkatzen dira gauetik goizera arraskako plater zikinak? Nondik ateratzen dira pasiloan oesteko hauts pelota horiek? Zer dela eta atzo ireki zenuen esnearen tetrabrika hartzen duzunean bi tanta bakarrik geratzen dira?

Niretzat, hala ere, misterio hauek guztien gainetik bat egon da: nora doaz galtzen diren galtzerdiak? Automatikoa da; labadora jartzen dudan bakoitzean BETI falta zait galtzerdi bat, BETI. Horregatik garbialdi bakoitzean Sherlock Holmesek baino tentu handiagoarekin aztertzen ditut pista guztiak:

1. Labadoraren atea mantso-mantso ireki, jantzi bakar batek ere ihes egin ez dezan.
2. Toalla azpian jarri eta arroparen errekuentoa egin.
3. Burua labadoran sartu, ea ditxosozko galtzerdia izkin batean ezkutatu den ikusteko.
4. Jantziak zabaltzeko tokira joan atzeraka, bidean ea erortzen den ikusteko.
5. Erropa zabaldu.
6. Galtzerdi bat bakarrik dagoela konturatu. Joeeeeeeeeee!

Oraingo honetan jakin behar nuen zer gertatzen, bai horixe! Pausu guztiak berriro jarraitu nituen eta azkenean, CSIkoek baino azterketa gehiago egin ondoren, argitu nuen misterioa. Tenderetean hatz-marka desberdinak ote zeuden ikertzen nenbilela ikusi nuen; galdutako galtzerdia zen.

Desitxuratuta eta hilotz baten moduan zetzan, hantxe, beheko bizilagunaren patioan.

Pentsa…

Pentsatu nahi ez duena fanatikoa da; pentsatu ezin duena ergela da; pentsatzera ausartzen ez dena koldarra da (Francis Bacon).

Deitu nazazu

Gertatzen da. Batzuetan. Parrandara atera eta begi eder batzuekin topatzen zara; begi horiek irrifarre zabalaren gainean aurkitzen dira eta zuri begiratzen dizute.

Baina ahaztu egin zaizu telefono zenbakia eskatzea.

llamame.gif