Archive for the ‘dantza’ Category

Mugimenduaren sorginkeria

biarritzdonjua.jpgAtzo Balet Biarritz Juniorraren ikuskizunaz gozatzeko aukera izan nuen. Aukera asko ez da egoten mota honetako ekitaldiak ikusteko (are gutxiago herrietan), eta behin etxeraino ekarrita ezin joan gabe geratu.

Proiektu hau 2005ean hasi zen martxan, Biarritzeko Baleta eta Dantzaz Elkartearen eskutik, dantzariak mundu profesionalera sartzeko laguntza modura. 2006ko ekainean egin zuten audizioa eta aurkeztu ziren 200 gazteetatik hamarrek osatzen dute Balet hau (Euskal Herria, Katalunia, Frantzia, Belgika eta Britainia Handiko 18 eta 22 urte artekoak). Lehen saioa inuxenteen egunean egin zuten Miarritzen eta atzokoa bigarrena zuten, hori dela eta, urduri antzean zebiltzan teloiaren atzetik.

Nik ez dut baletaz ezer ulertzen, baina ederki pasatu nuen. Ordu t’erdiko saioan bost atal desberdin ikusteko aukera izan genuen. Tartean, dantzariek beren buruak aurkezten zituzten (euskaraz batek eta gazteleraz, frantsesez, ingelesez eta alemanez gainontzekoak) eta dantza zergatik aukeratu duten azaltzen zuten.

Baina hitz egiten baino gehiago esaten zuten beraien gorputzekin. Mugimendu eder eta eleganteak, gorputzaren esfortzuak, oinen soinua lurraren kontra, izerdia, musika klasikoak eta batez ere koordinazio hipnotikoak guztiok ikuskizunean murgiltzea lortu zuten. Bertan zeuden dozena bat haur txikik ere txintxik ere ez zuten esan saio osoan zehar, hain zeuden txundituta.

Ez genuen baletaz ezer ulertzen eta era berean dena ulertu genuen.