Archive for the ‘komunikazioa’ Category

Genixkiñan

Nire amak izeba Pilarri deitzen dionean, belarria adi-adi jartzen det, horrelako gauzak entzuten ditudalako:

    • Aizan Pilar, noiz jun bihar diñau hortik euna pasatzea?
    • Lehengo igandian Zarautza jun giñunen Joxe ta biyok. Makiña denda ikusi geñixkiñan: Jesus! Han bazionen denetik!
    • Bazkaldu’re earki in giñin; plater earrak atea xixkiunen.

Inbiriya. Horixe da sentitzen dudana bi ahizpak hizketan entzuten ditudanean. Konplizitatea, gertutasuna, konfidantza eta goxotasuna nabaritzen ditut “xixkiunen” eta “genixkiñan” horien atzean. Tamalez, nik ez nuen noka ikasteko aukerarik izan. “Aizan”-etik aurrera galdu egiten naiz. Ez zidaten egin. Eta ni baino gazteagoei ere berdintsu. Egongo da etxeren bat edo beste mantendu dena, baina orokorrean nire kinta eta ondorengoak “zuka” hazi gara. Mutiletan, berriz, Usurbilen behintzat hika sasoi ederrean dagoela nabaria da. Ni baino 20 urte gazteagoak diren ilobek txiki-txikitatik erabiltzen dute, eta kaxkoan buelta bat emanez gero, mutilkoxkor ia denak beraien artean hika egiten dutela nabaria da. Eta zer nolako gozamena ematen duen horrek. Ez dakit ba, jatortasuna, sanidadea transmititzen dit.

Nesketan ordea ez da berdina gertatzen, eta ez dakit zergatik, izan ere, ni baino urte gutxi batzuk zaharragoak direnei (berrogeialdian sartutakoak) entzuten diet noka lasai ederrean. Nere amonak noka egiten zien amari eta izebari, baina neri berriz, amak ez dit sekula egin. Zer gertatu zen ba tarte horretan tradizio hori eteteko? Zergaitia galdetzen diodanean “eztakit ba” esaten du, eta noka egiteko eskatzen badiot ezinezkoa da, parrez lehertzen hasten da lotsatuta eta “zukin etzait ateatzen”, botatzen dit.

Nik ere alaba daukat, baina noka ezagutzeko amonak izeba Pilarrekin noiz hitz egiten duen zain egon beharko dugu, belarria adi-adi.

Egunerokoa

“-Noiz hasi behar da serioski idazten? (…)

– -Ahal bezain azkar hobeto- erantzun zion irakasleak.

– Ba orduan etxera noa- esan zuen ikasleak, hitzaldi hutsaletan minutu bat gehiago ere galtzeko prest ez zegoen eta”.

(Del Amo, M. Me gusta escribir, 1987, 23)

Anaiak komunioa egin nuenean oparitu zidan lehenengo egunerokoa. Uste dut opari horrek arrakasta handia izan zuela garai horretan, komunioz jantzitako panpina eta argazki albumarekin batera. Azalean bizikleta gainean neska panpoxa agertzen zen eta urre koloreko letretan MI DIARIO jartzen zuen. Giltzarrapo txiki bat ere bazuen, tamaina bereko bi giltzekin, beste inork bertan jasotakoak ez ikusteko. Sekretutasun horrek bultzatuta hasi nintzen bertan idazten.

diarioUrte batez txintxo-txintxo idatzi nituen bertan gertatzen zitzaizkidanak letra txukunarekin. Gutxi gora behera, aldaketak aldaketa, hauxe zen 365 egunetan idatzi nuena: “ikastolara joan naiz eta lagunekin jolastu dut. Gero etxera etorri eta meriendatu ondoren berriro jolastera joan naiz. Afaldu, kafesnea hartu eta lotara”. Artean izugarri gustatu behar zitzaidan kafesnea, egunero-egunero agertzen baitzen nire kroniketan.

Argi dago nire 9 urtetako bizitzak ezin duela Harry Potterrenarekin konpetitu. Gauzak, ordea, interesgarriagoak bihurtu ziren 14-15 urtetik aurrera. Dagoeneko lehen eguneroko hura bukatu nuen eta beste bat erosi nuen, oraingoan giltzarraporik gabe (segurtasun neurri berria egunerokoa toki sekretuan gordetzea zen), eta gero beste bat eta beste bat… Hemendik aurrera eta hogeitapiku urtera arte lagunekiko gorabeherak eta bihotz kontuek hartzen dute orrien tarte osoa, eta benetan ikusgarria da zer nolako sentimenduarekin dauden idatzita lerro horiek. Noizean behin irakurtzen dut eta atzo gertatu izan balira bezala gogoratzen ditut gauzak. Barrea gehienetan eta malkoren bat ere ateratzen zait oraindik.

Eguneroko hori idazteak asko lagundu zidan hainbat urtetan. Nire pozak, penak, kezkak eta dena delakoak bertan plazaratzen nituen, inoren erantzunaren beldur edota lotsarik gabe. Gaur egun egunerokoa ez, baina blogean idazten jarraitzen dut. Hala ere, inoiz ez dut berriro orduan idatzi nituenak baino gauza “autentikoagoak” idatziko.

Harry Potter-en edozein libururekin konpetitzeko moduan.

Chocolate beroa

chocolate-beroa

Atzo Donostian ikusitakoa.

Sex machine

Nork ez du erabili inoiz autoa beste norbaitekin “jolasteko”? Ba ideia hau oinarritzat hartuta Erotika Sex Shop kateak kanpaina deigarria jarri du martxan hainbat hiritan. Lau egunez auto hau aparkatu zuten dendaren aurrean; bertan jendea ikusten da “ederki pasatzen”. Kanpainaren leloa: “juguetes a los que no te puedes resistir”.

kotxea1.jpg

kotxea2ona.jpg

Kanpainaren egilea agentzia italiar bat da, Leagas delaney. Ikusi hemen jendearen erreakzio batzuk.

Gustora ikusiko nuke nire herriko batzuren aurpegiak kotxe honen aurrean…

coca-cola-ligth.jpgCoca-Cola Ligth-ek 70 metro karratuko etxebizitza bat zozketatuko du Madrilgo erdigunean ekainaren bukaeran. Promozio hau Que levante la mano… kanpainaren barnean kokatzen da eta beraren bidez gazteengana iristeko helburua du. Blog honetatik sagardo, garagardo, txakolin eta ardo ekoizleei deia egiten diet antzeko kanpaina martxan jarri dezaten, betidanik izan nahi baitut Kontxako bistak sofatik ikusi. Administrazioaren zain bagaude ederki itxaron beharko dugu eta…