Archive for the ‘bridget jones momentuak’ Category

shr0210lBai, berriro nator amatasun kontuekin (I eta II). Ez neukan asmorik, baina, hainbat amek testu hauekin oso ondo pasa dutela esan didate (eskerrik asko) eta aitzakia hori hartuta, azken bat idaztera ausartu naiz. Hona ba ama hasiberri honen azken xelebrekeriak (idatzitakoak behintzat):

  • Etxearen antolaketa. Dagoeneko ahaztu zait etxea jasota eta txukun-txukun  edukitzea zer den. Azken hilabete hauetan etxeak oesteko herriya gehiago ematen du, izan ere, dagoeneko pasiloetako hauts pelotak gure paisajearen parte dira. Edozein momentutan sheriffa agertuko zaitenaren inpresioa daukat. Bestetik, lekurik harrigarrienetan hankagorriyaren arrastoa topatzen duzu: txupete bat sofaren azpian, galtzerdi txikia CDak gordetzen dituzun apalean, eta duela bi egunekoa: sonajeru bat FRIGORIFIKUAREN BARRUAN!  Komentariorik gabe.
  • Ariketa fisikoa. Hankagorriya aurrera dijuan heinean, zure egoera fisikoa hobetuz joan behar duzu derrigorrez. Alde batetik, pisua hartzen doan eran, komenigarria da Perurenatarren ariketa-sistema jarraitzea, bereziki esku bakarreko altxaldi modalitatean (libre duzun eskua oesteko hauts pilotak garbitzeko erabili behar duzu, adibidez). Bestetik, gerri-ingurua indartzea ezinbestekoa da zazpi hilabeteetatik aurrera (gutxigorabehera); garai horretan  eskuetan hartzen duten guztia (ahotik pasa ondoren babaz beteta dagoena, noski) lurrera botatzen dute eta oso erraz egin ditzakezu egunero 50 jasoaldi. Serio pentsatzen nabil festetako lokotx-karreran parte hartzea.
  • Eta abar…

Eta hau hasiera bakarrik ez da…

ama-hasiberriaren-balada-ii

Aurreko post bati jarraituz, hementxe nator berriro guraso “karguarekin” batera egunero aurkitzen naizen egoera xelebre batzuk kontatzera, dagoeneko, hori bai, bost hilabete t’erdiko “esperientziarekin”:

Kotxezitoa edo karritoa. Aurreko postean aipatu nuen logistika ataleko zati garrantzitsua edozein guraso hasiberrientzat. Alde batetik, aukeratzeko garaian harrituta geratzen zara dauden aukera piloarekin: lau edo hiru errubera, manillar osoa edo zatitua, suspensioekin edo gabe, halako freno edo bestea… Fernando Alonso izango bagina ere! OHAR GARRANTZITSUA: karritoa kotxeko maleteroan sartzen den AURRETIK jakin behar da. Zergatik uste duzue daudela hainbeste monobolumen?

Hurrengo pausoa karritoaren erabilera ikastea da. Komeni da haurra bertan sartu aurretik hainbat froga egitea (horretarako panpin bat erabili dezakegu. Ez daukanarentzat meloi edo kalabaza batek ere balio dezake). Nik ariketa hauek egitea gomendatzen dut:

1. Edozein igandeko eguerdiko poteoan praktikak egitea (ahal bada, euria egiten duen egun batean). Ariketa honekin gurasoek jendea eskibatzen duten trebezia landu eta karritoak duen tamainaren kontzientzia hartuko dute.

2. Eliza inguruko adokinetatik paseatu. Ariketa honen bidez jakingo dugu ea haurra kotxezitotik airean aterako zaigun saltoengatik eta goian aipatutako suspensioak ordaindu genuena balio zuten.

3. Karritoarekin goazenean telefonoz hitz egin. Ariketa honi plus bat gehitzeko guardasola ere irekita edukiko dugu. Honen bidez, gure psikomotrizitatea landuko dugu.

Dutxa. Une honetan ez naiz gogoratzen noiz hartu nuen azken bainua. Beno, gezurra; badakit zehazki noiz izan zen: orain dela BOST HILABETE T’ERDI. Nik ez dakit beste amak, baina lehen hilabete hauetan dutxatzearena (bainatzearena utopia da) abentura bat da niretzat. Gutxi gora behera, horrela izaten da kontua:

1. Hankagorriya poz-pozik dago, bere jostailuekin jolasten, barrez.

2. Egoera aprobetxatu eta hamakatxoan jartzen duzu, dutxa azkar bat hartzeko ilusio guztiarekin. Hankagorriyak poz-pozik jarraitzen du.

3. Hamakatxoa komunera ekartzen duzu eta dutxa prestatzen hasten zara hankagorriyari abesten diozun bitartean. Dena primeran doa.

4. Dutxako txorrota irekitzen duzun UNEAN, hankagorriya bere biriken kapazitate guztia frogatzen hasten da, Placido Domingo izango balitz bezala.

5. Adrenalina topera igota, hortxe hasten zara dutxa hori hartu nahian, baina negar dezibelioak gora doazen bezala, azkenean txanpua buruan eta toalla ahal den tokian jarrita dutxatik ziztu bizian ateratzen zara.

6. Hankagorriya besoetan hartzen duzu daukan “tragedia” kontsolatzeko asmoz. UNE HORRETAN BERTAN, automatikoki, garbitu gabe geratu zaizkizun tximetatik tiraka hasten da barre algara batean, pozez zoratzen.

7. Hurrengo egunean, lankideak ez dizute ezer esaten, baina begietan antzematen zaie zure “look” berriak sortarazten dien errukia. Albert Einstein eta La bruja Averiaren tarteko zerbait.

Baina zein ederra den guraso izatea…

Hiru hilabete pasatxo dira “kargu” berria hartu dudanetik. Hiru hilabete ZORAGARRI; hiru hilabete SINESTEZIN; eta zergatik ez, hiru hilabete ERO.

Ez naiz hemen hasiko ama izateak suposatzen duena deskribatzen (ez dut uste hain gauza handia azaltzeko gai izango nintzakeenik). Asmo xumeagoarekin, “hasiberri” honek egunero topatzen dituen hainbat egoera xelebre kontatu nahi ditut, bere kargupean hankagorririk ez dituenarentzat guztiz ezezaguna den mundu oso baten existentzia emateko (duela hiru hilabetetatik ezagutzen hasi naizena).  

·       Logistika. Ia ezin sinistukoa da gaur egun haur batek behar dituen (edo behar dituela uste dugun) gauza pila imajinatzea. Uste dut NASAk Martera joateko behar duen azpiegitura sinpleagoa dela gure txikiena baino: lehen hilabetetako sehaska txikia edo moisesa; handixeago egiten deneko sehaska “ofiziala”; paseatzera ateratzeko kotxezitoa; gainean eramateko kanguroa; autoan jartzeko ahulkia; bainurako ajuarra (Donostiko La Perla bainuetxean dituzten baino gauza gehiagorekin)… eta abar eta abar. Hainbeste trasterekin umea non dagoen ahaztu ez bazaizu, gaitz erdi.

ama-hasiberriaren-balada-i

·       Pardelak. Badaude tamaina desberdinetakoak, neska edo mutilentzat, animalitxoekin, xurgatze-maila desberdinekin, banda elastiko handiagoarekin… Hain da konplikatua mundu hau, ez baita harritzekoa lehen aldian etxera lau talla handiagoak diren paketearekin bueltatzen bazara. Lasai; hilabete baten bueltan pixohialetan katedraduna bihurtuko zara eta.

·       Poltsa. Goian aipatutako logistikaren zati bat da, baina aparteko puntua behar duena. Behin ama (edo aita, edo haurraren zaintzaile) izanda, BETI eraman behar duzu gainean poltsa. Bertan txikiarentzat aldatzeko erropatik hasita txupetearaino aurkitu dezakegu, eta tartean babak garbitzeko toallatxoa, jostailu kuttuna, kolikoentzako homeopatia, ipurdia garbitzeko toallak, pardelak (bere tamainakoak, ahal bada), haurraren osasun kartilla (aurreko egunean pediatra izan duzu eta ateratzea ahaztu zaizulako) eta azkazalak mozteko guraizeak, BESTEAK BESTE! Ez da harritzekoa beraz poltsak Olentzeroren zakuaren tamaina izatea, eta behin baino gehiagotan altxatu ezinik ibiltzea. Poltsa zure gorputzaren luzapen bat bihurtzen da, hainbeste gauza “beharrezko” dituenez toki guztietara eramatea ezinbestekoa delako eta noizbait ahazten bazaizu AKABO!  

(Jarraituko du…)

…nahiz eta kontrakoa entzuten ari garen egunero. Zergatik ezeztatzen dut munduko ekonomilari guztiek aho batez diotena? Atzo, hankagorria eta Bobirekin eguneroko paseotxoa ematen ari nintzela, obretan dagoen eraikuntzaren aldemenetik pasa ginenean, hortxe entzun nuelako: “¡Olé esa amatxo!“.

Piropoak desagertzen ez diren bitartean ezin krisian egon (beste gauza bat da langilearen dioptriak greban ote dauden edo ez).

Azken aldian administrazio burokrazia zentzugabekoarekin egiten ari naiz topo. Eta krixton burukomina daukat.

– Haga el favor de poner atención en la primera cláusula porque es muy importante. Dice que… la parte contratante de la primera parte será considerada como la parte contratante de la primera parte. ¿Qué tal, está muy bien, eh?
– No, eso no está bien. Quisiera volver a oírlo.
Dice que… la parte contratante de la primera parte será considerada como la parte contratante de la primera parte.
– Esta vez creo que suena mejor.
– Si quiere se lo leo otra vez.
– Tan solo la primera parte.
– ¿Sobre la parte contratante de la primera parte?
– No, solo la parte de la parte contratante de la primera parte.
– Oiga, ¿por qué hemos de pelearnos por una tontería como ésta? La cortamos.
– Sí, es demasiado largo. ¿Qué es lo que nos queda ahora?
– Dice ahora… la parte contratante de la segunda parte será considerada como la parte contratante de la segunda parte.

Eso si que no me gusta nada. Nunca segundas partes fueron buenas. Escuche: ¿por qué no hacemos que la primera parte de la segunda parte contratante sea la segunda parte de la primera parte?

Marx anaiak

Egun pasa ederraren ondoren, Bilbotik Donostira doan trena hartzeko zain nengoen geltokian. Nire pentsamendu etilikoetan murgilduta nenbilela aguretxo bat hurbildu zitzaidan ea Donostira zihoan trena orain etorri behar zuen galdetuz. Nire gogoeta sakonetik kostata atera eta baietz, oraintxe helduko zela esan nion.

orfeon-donost-2003.jpgBerak orduan orfeoiaren kontzertu batetik zetorrela eta primeran pasa zuela esan zidan, eta horrela, inolako abixurik eta anestesiarik gabe, Verdiren ez-dakit-zein opera hasten zait kantatzen hantxe, andenaren erdian! Joeeee, noizbait bat ligatuko eta gerra zibileko kintoa izan behar! Hau komeriya!

Eskerrak orduntxe trena iritsi zela, bestela espektakulu guztia tragatu behar izango nukeen. Dagoeneko egoera hauek ekiditzeko neskok izaten dugun radarra defkondos mailan neukan, eta hurrengo helburua agurea eta ni bagoi desberdinetan egotea zen. Hori lortzeko bagoira bera baino beranduago sartzeko estrategia erabili nuen, horrela bera eseritzen zen lekutik urrun jartzeko (hau dena, trena frenatzen ari zela planeatzen).

Trena gelditu eta jendea jeisten hasi zen. Ni agurearen atzean. Bera bagoira sartujohnson-ben.jpg orduko korrika bestera joango nintzen. Jende guztia atera eta oraindik ez zela sartzen, mekasuen! Ihes egingo dit! Gerri joko ikaragarriya eginez atzeko bagoira korrika batean joan nintzen bidaian egingo nuen lokuluxkaz gozatzen. Ja, ja, nirea da garaipena! Baina, ZER??? Aguretxoa atzetik korrika batean neukan, dopatutako Ben Johnson bat baino krono hobearekin! JODERRRR!

Bere arnasestua atzean entzuten nuelarik (oraindik bihotzekoak emango dio, no te fa!) bagoiaren aurrealderaino joan nintzen (ez zegoen beste inor!!!), banakako eserlekuan eseritzera (zakur aurpegiarekin, noski). Berak indirekta harrapatuko zuenaren esperantza (miraria?) ez zen oso handia, baina azkenean ni baino hiru eserleku atzerago eseri zen.

Dagoeneko okerrena pasa zela sinistuta, musika entzuten jarri nintzen. Baina, bai zera! Ia bihotzekoak eman zidan berriro nire aldemenean ikusi nuenean, ea Eibarrera iristeko zenbat geltoki zeuden galdetzera etorri zenean. Eta denok dakigu jubilatuek zerbait kontrolatzen badute hori garraio publikoaren ordutegiak eta bonoak direla. “Animo Bootxo, 20 minutu eta jeitsi egingo da. Eutsi!”.

Beste galderarik egiteko aukerarik egin gabe musika belarrietan jarri eta lo itxurak egin nituen. A zer nolako arrazoia zuen Einsteinek! Dena erlatiboa dela? Bai horixe! Izan ere, 20 minutu horiek inoizko luzeenak egin zitzaizkidan. Azkenean, villa armerara iritsi zen trena. Izugarrizko agurrak eta loreak bota ondoren itxi zen atea.

Gloria Geynor-en I will survive kanta bilatu nuen MP3an begiak itxi aurretik.

Horrelako gauzak pelikuletan edo nire familian bakarrik gerta daitezke, benetan.

Atzo anaia, ama, iloba eta laurok azken honen urtebetetze-oparia erostera joan ginen superfizie handiko saltoki batetara (pekataria naiz, bai. Barkatu nazatela dendari txikiek!).

Portadan gizon gihartsu eta egia esan, nardagarri bat agertzen zen pressing-catch-eko bideo-jokoa aukeratu ondoren (ni Hulk Hogan-en geratu nintzen), hortxe joan ginen Forum dendara, behatz potoloez gain gorputzeko beste atalak mugitzeko zerbaiten bila.

Errepasotxoa egin genuen denda guztian zehar, eta anaia eta biok esku pilotako bitrina irekitzeko zain geratzen ginen bitartean, gure ama eta iloba oinetakoen sekziora joan ziren begiratzera (beno, amona biloba gaixoari txandala, zapatillak edota piragua bat erosteko pressinga egiten ari zitzaion… kontua zerbait erostea zen. Badakizue nola izaten den amonen maitasuna: gupidagabea.).

Total, azkenean esku pilota eman zigutela eta hortxe goaz anai-arrebak gure tribuaren beste erdiarekin biltzera. Oinetakoetara iritsi eta ez zeuden. Mendiko sekziora joan eta ezer ez. Dendaren sarrera inguratu eta ezta arrastorik ere. Anaia eta biok flipatuta. Kanpora aterako ote ziren? Anaia malaostiyan jartzen hasten da; malo, malo…

Berriro Forum-era sartu eta bakoitza alde banatatik denda “orrazten” hasten gara; atalez-atal, pasiloz-pasilo. Ezer ez. Tentsioa areagotzen doa. Beste puntara iritsi eta biok dagoeneko bixigu aurpegiarekin gaude. Anaia bufaka entzuten dut. Def con 2era iristen ari da, ai ama! pacman1.jpg

Ia ordu erdi pasa da. Dagoenekoez dakigunean zer egin eta anaiaren kopeteko zaina arriskutsuki handitzen hasten den momentuan ama ikusten dut dendaren beste aldean. Ufffffa!

Laukotea bildu gara eta ea non sartu diren galdetu diegunean ba beraiek ere denbora guztian gure bila aritu direla esan digute. TOMA YA!

Gaurko kapituluarentzat izenburu proposamenak:

  • Harriketarrak Forum-eko laririntoan galduta.
  • Harriketarrak Pacman-en munduan.

funnycar.jpgKotxea garajera sartzera nindoan Seat Ibiza beltz bat ate aurrean ikusi nuenean. Aldameneko garajean, berriz, 22-25 bat urteko bi mutil, musika ekipoa kaletik entzuteko moduan, eta nik nere artean “jodeeeer, ederra egin duzu Bootxo! Zure gidari abileziak gertu-gertutik aztertzeko aukera izango dute hauek!“.

Txintxo aurpegiarekin kotxea ate aurretik mugituko zuten galdetu diet gaztelania batuan, eta haiek baietz. Seat Ibiza ez-dakit-zenbat-zaldi-eta-behorrera igo, giltzari eragin, eta txunda-txunda erritmoekin batera kotxea mugitu du gazteenak. Nire esperantza kotxea mugitu ondoren bere garajera bueltatzea zen, baino uste dut entretenimendu falta zuela eta beraz, nire maniobra ikuskizuna ikustera geratu da; desde luego, ke majo!

Gidatzeko nire esperientzia ez da oso luzea, egia esan, eta beraz, oraindik horrelako momentuetan urduri jarri eta izerdiak ihes egiten dit gorputzetik, bihotza trostan jartzen zait eta nire autoestima bost bat puntutan hondoratzen da. Are gehiago maniobra txunda-txunda topera entzuten ari den gazte erdi kolokatua zuri begira-begira kotxeari kolpea noiz emango zain dagoela egin behar duzunean.

Arnasa sakon hartu, martxa atrasa sartu eta hor noa! Lehenengo mugimendua hurbiltzeko: nahiko urruti. Izerdia besapeetan nabaritzen dut. Bigarren saiakera, eta hobeto hurbildu dut. Dagoeneko arropa guztia sobran dut. Tipoaren begirada somatzen dut. Hirugarrengorako esperantza handiegirik ez dut, baina patuaren bideak ezezagunak direnez, nire harridurarako izugarrizko maniobra egin eta kotxea garbi-garbi sartu dut bere estalpean. “Toma ya, txupate esa, kapullo! Emakumea naizela eta zer uste zenuen, Carlos Sainz nintzela edo?”

Harro-harro atera naiz garajeko atea ixtera, bere miresmen begirada itxarotera. Baina orduan, Seat Ibiza beltza berriro aurreratu behar zuenean, mekasuenla! Poltsoa kotxe barruan utzi dut! Ke bajon! Nire irudi “ona” pikutuara, eta tipoa irribarre lelo horrekin. Nire bizitzako beste Bridget Jones momentua izan da hau…




  • Artxibok

  • Meta

  • Estatistikak

    • 25.689 hits